Euskal presoak

Irailaren 14rako manifestaziora deitu dute 11/13 auzikoek: "Kalean erantzun nahi diogu"

Irailaren 16an hasiko da Madrilen euskal presoen babes taldeen aurkako epaiketa, eta mobilizazioa "askoren aldetik babestua" izatea nahi dute auzipetuek: "Elkartasun sare honen parte izateak asko izan du ederretik, baina asko minetik".

Amaia Izko eta Ane Zelaia aritu dira hizlari, 11/13 sumarioko auzipetuen agerraldian.
Amaia Izko eta Ane Zelaia aritu dira hizlari, 11/13 sumarioko auzipetuen agerraldian. Gorka Rubio/Foku

Berria -

2019ko ekainak 1

Irailaren 16an hasita, euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean: osasun arloko profesionalak, abokatuak eta presoen eskubideen aldeko eragileetako kideak dira auzipetuak. Agerraldia egin dute gaur Donostian, eta besteak beste, IrtenBidera. Giza eskubideak, demokrazia, etorkizuna dinamikaren barruan, manifestazio handi bat antolatzen ari direla iragarri dute: irailaren 14an izango da, Bilbon. "Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari", azaldu dute Ane Zelaia eta Amaia Izko auzipetuek: "Manifestazio hau handia eta askoren aldetik babestua izan dadin, eremu ezberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen ari gara". Datozen asteetan emango dute horren berri, eta babes ekonomikoa jasotzeko kontu korronte bat ere jarri dute martxan. www.11-13makroepaiketa.eus webgunean jarri dute informazio guztia.

"Elkartasun sare honen parte izateak asko izan du ederretik, baina baita asko minetik", adierazi du Zelaiak: "Ondorio pertsonal handiak izan ditu honi lotu izanak. Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu". Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu 47 auzipetuen aurka; 601 urte, denera. Eta, bete ostean, beste lau eta zortzi urte arteko zaintzapeko zigorra. Horrekin batera, 117.600 euro isunetan. 2013ko irailean hasi zen 11/13 auzia, Herrira-ren aurkako operazioarekin. Preso eta iheslarien aldeko urtarrileko manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengoak: 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurka, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurka. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

Amaia Izkoren hitzetan, "garaiak garai eta ezberdintasunak ezberdintasun, elkartasuna" da guztiak lotzen dituen haria: "Baina auziak eragina du. Kartzelaren mehatxua dugu, urrunketaren mehatxua. Gure kargu ditugu adin txikiko 38 gazte. Pertsona hauen garapen afektibo eta emozinala erabat baldintzatuko luke gure espetxeratzeak. Egoera gogorra da, ez dugu ukatuko".

Dena den, egoeraren gogorrean, "lasai" daudela ziurtatu dute auzipetuek: "Gure printzipio politiko eta etikoei lotuta aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin". Gogoera ekarri dute preso eta erbesteratuen osasuna artatzea, haien eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, defentsa juridikoa egitea, senide gisa antolatzea nahiz preso eta erbesteratuak gizarteko sektore ezberdinekin harremanetan jartzeko bitartekaritza egitea izan dela haien lana.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna