Hauteskundeen ondorena

Bastidako PPk eta EH Bilduk izandako kontaktuak gaitzetsi ditu PPren zuzendaritzak

Arabako PPren presidente Iñaki Oiarzabalek esan du ez dela egongo "akordio edo negoziaziorik" EH Bildurekin.

Iñaki Oiartzabal, PPren zenbait buruzagik lagunduta. DAVID AGUILAR / EFE
2019ko ekainaren 4a
11:00
Entzun

Bastidako EH Bilduk sare sozialetan argitaratutakoaren arabera, koalizioak kontaktuak izan ditu EAJrekin eta PPrekin, eta biek ala biek eskaintzak egin dizkiote koalizioari haren babesa lortu nahian alkatetza eskuratzeko. Lau zinegotzi ditu PPk, EAJk hiru, eta EH Bilduk bi zinegotzi ditu; hortaz, EH Bilduren botoak erabakigarriak izango lirateke alkatea izendatzeko.

Sare sozialetako mezu horren arabera, PPk EH Bilduri proposatu dio bi udal sail koalizioaren esku uztea, eta horren programan agertzen diren zenbait neurri bere egitea, Bastidako EH Bilduk oraindik ez ditu eskaintza horiek baloratu. BERRIAri azaldu diotenez, ez dute inolako konpromisorik hartu, eta bihar batzarra egingo dute erabaki bat hartzeko.

Horren aurrean, Arabako PPren zuzendaritzak argi utzi nahi izan du ez duela begi onez ikusten "EH Bildurekin izandako edozein kontaktu, edo etorkizunean egon zitezkeenak", eta berretsi du Bastidan "eta Arabako gainerako herrietan" ez dagoela akordiorik EH Bildurekin, "ezta egongo ere".

Arabako PPren presidente Iñaki Oiartzabalek esan duenez, "jarrera hori koherentea da beti defendatu dugunarekin. EH Bilduren egitasmoa antagonikoa da, eta ez da bateragarria PPk defendatzen dituen balioekin".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.