Literatura

Eako Poesia Egunik ez da egingo gehiago

Antolatzaileek jakinarazi dute "minez bada ere" agur esan behar dietela Eako Poesia Egunei, "baina gogoz, gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa".

Eako poesia egunak, iaz. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Miren Garate.
2019ko ekainaren 5a
07:13
Entzun

"Porrot eder bat da adioa" esanez hasten da antolatzaileek Eako Poesia Egunik ez dutela gehiago antolatutako jakinarazteko prestatutako oharra. Iazkoak izan ziren azkenak, aurten jada ez dira izango.

Pausatzeko premia dutela nabarmendu dute, honako arrazoi hauek aipatuz: ziklo baten amaiera heldu dela sentitzen dutelako; eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko; berritzaile izateak haustura dakarrelako; garai berriek modu berriak eta gogo berriak eskatzen dituztelako; hutsunea eta zuloa sentitzeko eta sentiarazteko; euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturan sinesten dutelako; literatur plazan konfiantza osoa dutelako, eta mila adierazpidetan berreraiko dela badakitelako; kultura ez delako kudeaketa hutsa; eta kultura etengabeko mugimenduan bizi delako.

2004an antolatu zen estreinakoz egitasmoa, egun bakarreko egitarauarekin, Gabriel Aresti omentzeko asmoz. Eta urtez urte handituz joan da asmo hura. Hamabost aldiz egin dira guztira.

Lehen egunetik, kultur espazio irekia eta zabala sortzeko bokazioarekin aritu direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta, hala, Easko Poesia Egunak ezberdinen arteko enkontru bilakatu direla, korronte anitzetako sortzaileei egin zaielako lekua. "Askatasun horrek eman du bere fruitua, pentsamendu kritikoak egin du bere bidea gurean".

Eskerrak eman dizkiete urteotan han izan diren sortzaile, hizlari, ilustratzaile, bidelagun, artista, editore eta zaletuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.