Kontu ekonomikoak

Hazkunde iragarpena alda dezaketela onartu du Azpiazuk

Eustaten arabera, 2019ko lehen hiruhilekoan %2,3ko erritmoan hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, aurretik iragarritakoa baino hamarren bat gehiago.

Iñigo Urkullu eta Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 7a
11:17
Entzun

Ekonomiaren hazkundea moteltzen ari da, baina iragarpenek esaten zutena baino gutxiago. Ondorio hori atera daiteke Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako datua ikusita: azken urtean %2,3 hazi da barne produktu gordina, eta %0,7 2018ko azken hiruhilekotik 2019ko lehenengora. Datu «positiboari» erreparatu dio Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, eta aitortu du agian urte osorako iragarpena aldatu beharko duela, %2,2koa aurreikusi baitzuen.

Azken urteetan, Gasteizko gobernuak oso iragarpen zuhurrak egin izan ditu, eta gero urtearen joanean egokitu. 2017an, esaterako, %2,3ko hazkundea iragarri zuen, eta  urtearen amaieran %2,9ra iritsi zen. 2018an, beste hainbeste egin zuen: %2,5etik %2,6ra igo zuen, eta gero %2,8an jarrita asmatu zuen. Aurten, kontrako bidean egin du aldaketa bakarra, %2,3tik %2,2ra txikitu baitzuen martxoan.

Datorren asteartean aztertu behar ditu Iñigo Urkulluren gobernuak 2020ko aurrekontuko gidalerro nagusiak, eta horretan agertu beharko du Jaurlaritzak espero duen panorama ekonomikoa.

Espainiako Bankuak ere duela hilabete batzuk baino datu hobeak espero ditu orain. Atzo, bi hamarren igo zuen Espainiarako hazkunde iragarpena, %2,4ra arte. Onartu egin zuen atzerriko faktore batzuek arriskua badutela, baina barne eskariaren indarra are handiagoa dela ziurtatu zuen. Zehazki, familien gastua eta enpresen inbertsioa.

Europako Banku Zentralak, bere aldetik, ostegunean aldatu zuen bere prebisioa, goranzkoa horrek ere, %1,1etik %1,2ra eurogune osorako.

Hamarren bat gehiago

Aldian behin, Eustatek ere zuzendu behar izaten ditu bere datuak. Duela aste batzuk aurreratu zuen hiru lurraldeetako BPGak %2,2ko hazkundea izan zuela, eta %2,3ra igo du orain;  bi hamarren igo du hiruhileko arteko hazkunde tasa ere. Badu garrantzia azken hori %0,7ra heltzea, hazkundearen moteltzea denen ahotan dagoenean, daturik handiena baita 2018ko hasieraz geroztik —urte horretako azken bi hiruhilekoetan %0,5 hazi zen BPGa—.   
Urte arteko tasak, hori bai, jaisten jarraitzen du

—%2,4tik %2,3ra—, baina joera hori alda dezake urteko bigarren hiruhilekoan ere %0,7ko hazkundeari eutsiz gero.
Espainiako Bankuaren ildotik, Eustatek ere barne eskari sendoa azpimarratu du. Guztien gainetik dago kapital eraketa gordina, hau da, enpresek egiten dituzten inbertsioak, azken urtean %4,1 hazi baita. Barne eskariaren beste osagaiak, azken kontsumoko gastuak, nahiko egonkor jarraitzen du, barne gorabehera batzuekin: %2,6tik %2,2ra gutxitu da familien kontsumoa, eta %0,8tik %2ra handitu da gastu publikoa.

Esportazioen igoera eten da

Barne eskariaren ekarpenak konpentsatu du kanpo eskariaren ahultasuna. Merkataritza gerrak, brexit-ak eta horiek bezero batzuetan eragin duen pattalaldiak negatibo bilakatu du esportatzioen (-%1,4) eta inportazioen ekarpena (-%0,9). Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren datuen arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan %0,7 jaitsi dira  esportazioak, eta %4,1 handitu dira inportazioak. Hori bai, kontuan hartu behar azken bi urteetan inoizko esportaziorik handienak egin dituztela Hego Euskal Herriko enpresek.

Kanpo merkataritzaren arazoak islatzen dira sektoreko datuetan ere. Industriak atzera egiteari utzi dio, baina %0,4 txiki bat baizik ez da hazi azken urtean, eta are gutxiago manufaktura (%0,1). Eraikuntza asko suspertu da (%5,1) eta zerbitzuak ere sendo (%2,7), Ostalaritzari eta merkataritzari esker (%2,9). Lehen sektorea oso gorabeheratsua izan da, baina oraingoz ekarpen positiboa egin dio hazkundeari (%8,4).

Enpleguari dagokionez, %1,8 hazi da azken urtean. Eustatek nabarmendu duenez, sektore guztietan egin du gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.