Gatazkaren ondorioak

Milaka lagunek lotu dituzte Miarritzeko kaleak, 'Orain presoak' lelopean

Antolatzaileen arabera, 3.000 pertsona batu dira Bake Bideak deitutako giza katera. "Elkarbizitza ahalbidetuko duten keinuak" eskatu dizkiete bakegileek agintariei, eta gogorarazi dute ezin dela errespetuan oinarritutako gizarte bat eraiki biktima guztiak eta presoak haintzat hartzen ez badira.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 8a
07:59
Entzun

Arratsaldeko lauretan zuten ordua ezarria, eta zintzo bete dute eskaria parte hartzaileek. Ordua heldu denerako, milaka lagun zeuden peto urdinak jantzita giza katea hasi zain. Antolatzaileen arabera, 3.000 lagun inguruk egin dute bat ekinaldiarekin, eta hamalau bat autobus ere gerturatu dira Euskal Herri osotik. Euskal presoentzako "konponbide orokorra eta erabatekoa" eskatzeko helburuarekin egin dute giza katea Orain Presoak lelopean.

Agintariei mezu argia helarazi die Mixel Berhokoirigoin bakegileak: "Ez da posible elkarbizitzan aurrera egitea, keinuak egiten ez badira". Bake Bidekoek azaldu dute Frantziako Justizia Ministerioarekin 2017ko udazkenaz gero abian den elkarrizketarako mahaiak bere fruituak eman dituela, eta, besteak beste, presoak hurbiltzeko eta salbuespen neurriak kentzeko balio izan duela. Baina nabarmendu dute beharrezkoa dela aurrera egiten jarraitzea.

"Bake prozesua presoen auzia konpontzetik pasatzen da", berretsi du Berhokoirigoinek, eta zehaztu errespetuan oinarritutako etorkizuna eraikitzea dela helburua, nahiz eta horra heltzeko bidea luzea izan. "Bide horretan aitzinatzeko oreka atxiki behar da. Biktima guztiak eta presoak. Ezin gara egia eta erreparazioa lortzera iritsi presoen auzia konpondu gabe". Aldi berean, gogorarazi du Parisen abiatutako elkarrizketek argitara atera dutela ezkutuan zen errealitate bat: "Gauzak aldatu dituzte. Existitzen ez zen gai bat konpondu beharrekoa bilakatu da".

Anaiz Funosas Bake Bideko eledunak BERRIAri eskainitako elkarrizketan ez du zalantzarik egiten, presoen urruntzea amaitzeko baldintzak egon badaude. "ez nuke erranen erabaki politiko bat denik batzuek oraindik DPS izatea; kontua da administrazioko esparru batzuek eta fiskaltza antiterroristak lehengo estigmatizazioekin jarraitzen dutela. Ez da zilegi".

[youtube]https://youtu.be/U5EWw8D6i4M[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.