Udal hauteskunden ondorena

PSNri "moral bikoitzarekin jokatzea" egotzi dio Asironek

Jarduneko alkateak kritikatu egin du EH Bilduri Iruñean betoa jartzea eta Nafarroako Gobernurako botoa eskatzea. Gogorarazi du indar aurrerakoiek eskuinak baino boto gehiago lortu dituztela, eta horien artean lehen indarra eurak izanik, beraiei dagokiela alkategaia aurkeztea.

jarraia167535.jpg
joxerra senar
2019ko ekainaren 11
09:03
Entzun

Iruñeko udalean gobernu osatzeko ahaleginetan jarraitzen du Joseba Asiron jarduneko alkategaiak. "Azken egunera arte, azken minutura arte, ahaleginduko gara akordioa lortzen". Bart gauean Maite Esporrin PSNko zinegotziarekin hitz egin zuen balizko negoziazioez hitz egiteko, baina hark erantzun zion ez zela halakorik izango. Hala, "moral bikoitza" erabiltzea egotzi dio Asironek PSNri, Iruñean betoa jarriaz eta gero Iruñeko alkatetzarako zein Nafarroako Gobernurako botoa eskatuz.

Asironek ez du etsitzeko asmorik. Aurreko legealdian bertan, hainbat aldiz ados jarri ziren bi indarrak (azken osoko bilkuran, inbertsio iraunkorren inguruan, kasurako). "Zer galarazten du esertzeak, akordioetara iristeko?", galdetu du.

Asironen ustez, PSNk erabiltzen dituen betoak "kanpotik" datoz. "Jendeak ez du ulertzen. Politika sektario bati baino ez dio erantzuten. Aditzera eman nahi dute  iruindarrak zein nafarrak heldugabeak garela. Madrilen zenbaitek uste dute zilegitasuna dutela gure ordez erabakiak hartzeko". Asironek salagarritzat ikusten du beto hori ezarrita, nola Madrilen erabakitzen diren ardura postuak "karta trukeak bailiran": "Ez du zentzurik: zuk ematen didazu Nafarroako Gobernua, nik ematen dizut Iruñeko Udala. Madrilen esaten ari dira hori, ez hemen".

Ardatzak eta formulak

Sozialista nafarren jarreraz gaindi, ordea, Geroa Bai eta PSNrekin "gobernu aurrerakoi bat" eratzeko ahaleginetan jarraitzen du EH Bilduk, eta horretarako lau ardatz zehaztu ditu: elkarbizitza eta memoria historikoa, neurri sozialak eta etxebizitza, mugikortasuna eta jasangarritasuna, eta berdintasun politikak.

Hiru formula proposatu ditu akordiora iristeko. Batetik, gobernurako akordio bat, akordio programatiko bidez eta indar bakoitzaren lehentasunak bateragarri eginez eta amankomuneko lan ildoak indartuko dituena. Kasu horretan udalean ordezkaritza duten hiru indar aurrerakoiek aukera lukete kudeaketan ardurak izateko.

Bigarrena litzateke, inbestidura akordio bat lotzea, Asironekin alde bozkatzeko konpromisoarekin. Kasu horretan EH Bilduk berdin jokatuko luke modu berean "beste udal eta gobernuetan". Ondorioz, galdetu zaio ea Maria Txibiteren balizko inbestidura bat babestuko ote lukeen EH BIlduk, baldin eta PSNk Asironen alkatetza babestuko balu: "Nire eremua udalarena da, eta gainerako erakundeei dagokionez ezin dut ezarri lotura bat, baina argi dago dudarik gabe, oraingo UPNren jarrerak oztopatu egiten duela beste akordioetara iristeko aukera, noski".

Hirugarren aukeran, berriz, "gobernu aurrerakoi bat" ahalbidetuko litzateke boto puntual baten bidez, "etorkizuneko ildoak baldintzatu gabe". Edozein kasutan, Asiron aurkeztuko da alkategai gisa. "Argitu nahi dut, Iruñeko udalari begira. Inongo indar aurrerakoi bat baztertzen ez duen hura da eskuinari alternatiba egingo dion akordio batera iristeko aukera bakarra" .

Alkatea hautatzeko osoko bilkura datorren larunbatean egingo dute, arratsaldeko 18:00etan. Aurrekoa eguerdian izan bazen ere, beste legealdi batzuetan arratsaldean ere egin izan dute. Ordurako beste udaletan gertatu denaren perspektiba izango dute.

UPN abstentzio eske

Udalak osatzeko eguna gertu izaki, Iruñeko alkatetza ahalbidetuko dioten aukeren bila dabil Enrique Maia UPNko kidea ere. Hark eskatu dio Esporrini inbestidurara ez dadila aurkeztu. “Akordio bat balego Navarra Sumaren eta PSNren artean, hiriak arnas hartuko luke. Hori gertatuko ez balitz aukera handi bat galdu genuke".

Maiak abstenitzeko eskatu dio PSNko zinegotziari, nabarmenduz era horretan beste aukera batzuk "asko mugatuko" liratekeela. Adli berean, ohartarazi dio EH Bilduk ez duela ezer "doan" ematen. "Harrigarria litzateke orain EH Bilduren babesa jaso nahi izatea, legealdian laukoaren aurka egin duenean"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.