Kataluniako prozesu subiranista

Akusazioen "zentzugabekeria" salatu dute defentsako abokatuek

Fiskaltzari "gezurretan" aritzea egotzi diote Jordi Cuixart eta Carme Forcadellen abokatuek eta absoluzioa eskatu dute bi akusatuentzako. Horrez gain, behin-behineko espetxealdia eteteko eskaera ere aurkeztu du Forcadellen defentsak.

arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 12a
16:03
Entzun

Bezperan Oriol Junqueras eta Raul Romevaren abokatuek egin bezala, 52. eta azken auzi saio honetan ere fiskaltzaren kontaketan ageri diren akatsak nabarmendu dituzte defentsako abokatuek. Marina Roig izan da hitza hartzen lehena, Jordi Cuixarten abokatua. Hark elkartzeko eskubidean jarri du indarra, eta zehaztu ezin dela oinarrizko eskubide bat zalantzan jarri Espainiaren batasuna aitzakiatzat hartuta.

"Ez dago demokraziarik herriaren parte hartzerik gabe eta hori ezin da kriminalizatu Konstituzoa defendatzeko aitzakian", eta gaineratu du Katalunian gertatutakoak inor mindu izana, ez dela arrazoi bat adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna kolokan jartzeko. Ildo horri jarraituz, gogorarazi du Espainiako Konstituzioa bera manifestazioei esker idatzi zela. "Baina egungo instituzioentzat mehatxu dira kaleko mobilizazioak, eta eskubide hori mugatzen ahalegintzen dira".

Nazioarteko legediaren arabera, izan ere, segurtasun indarrek "proportzionaltasunez" jokatu behar dute eta ezin dute mobilizazio baten aurka jo "indarkeria oso zabaldua" egon ezean. Zentzu horretan irailaren 19 eta 20ko protestak zilegiak direla adierazi du abokatuak eta egun haietako testuingurua azaldu du: "Bi egun horietan 42 etxe, bulego eta erakunde miatu zituzten, eta Generalitateko 16 kargudun atxilotu. Hori guztia inolako oztoporik gabe. Horrekin batera irailaren 20an Espainiako Poliziak alderdi baten egoitza inguratu zuen, eta inolako baimenik gabe bertara sartzen ahalegindu ziren, baina herritarrek eragotzi egin zuten".

Roigek adierazi du gertakarien kontakizuna "manipulatu" egin dutela Cuixart akusatu ahal izateko, eta gogora ekarri du NBEko Atxiloketa Arbitrarioen Lantaldearen txostena, non salatzen duten Cuixart bere iritzi politkoengatik dagoela preso.

Urriaren 1eko enfrentamenduei dagokienez, berriz, nabarmendu du inork ez zuela pentsatzen Poliziak bozkatzera zihoan jendearen aurka egingo zuenik, boto-paper eta hautestontzien bila sartuko zirela baizik. Polizia 113 eskolatara joan zen horietatik 16tan jendeak lurrean eserita hartu zituen segurtasun indarrak, eta gainontzekoetan zutik eta geldirik. "Aldiz, izan ziren eskolak segurtasun indarrek herritarren kontra jo zutenak, indarkeriazko jarrerarik ez zuten herritarren aurka". Guardia Zibilak salatutako "erasoen" frogarik, berriz, ez dutela aurkeztu zehaztu du Roigek, nahiz eta miaketa guztien bideoak eksura eduki.

Carme Forcadell

Akusazioaren aurka gogor jo du Carme Forcadellen abokatu Olga Arderiuk, eta egotzi die Parlamentuko presidenteak esan ez zituen hitzak bere ahotan jartzea eta egin ez zituen ekintzak egoztea. "Forcadelli leporatu diote Mahaiaren erabakietan esku hartzea, baina Parlamentuko presidentearen lana ez da hori. Alderdietako ordezkariak dira Mahaiko kideak eta denen artean hartzen dituzte erabakiak, Forcadell haietako bat besterik ez zen".

Irailaren 20an, Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean bildutako jendeari hitz egin eta "mobilizazioak sustatzea" ere egozten diote Parlamentuko buru ohiari. Baina Arderiuk gogorarazi du Forcadellek ez zuela inongo momentutan jendearekin hitz egin "telepatiaz ez bada".

Irailaren 21ean Forcadellek argi utzi zuen modu baketsuan jarraituko dutela aurrera eta eskatu zien herritarrei "prookazioetan" ez erortzeko, baina hitz horiek ez ditu jaso Fiskaltzak bere txostenean. Forcadell, egin zuenagatik baino gehiago, bere karguarengatik auzipetu dutela salatu du haren abokatuak eta absoluzioa eskatu du. Horrez gain, zehaztu du behin-behineko espetxealdia ezarri ziotela epaiketara joango zela bermatzeko, eta beraz ondorioztatu du auzia amaituta hura aske uztea dela zentzuzkoena.

Frogarik ez Borras eta Bassaren aurka

Meritxell Borras eta Dolors Bassaren kasuetan akusatzen zaizkien delituen frogarik ez aurkeztea egotzi diote abokatuek akusazioari. Jutid Gene Borrasek defentsak gogorarazi du 10.000 mezu elektroniko ikertu zizkiotela eta bakar batek ere ez zuen zerikusirik Gorenak epaitzen duen auziarekin. "Ezin da diru publikoa oker erabili zela esan gustoko ez dugun konferentzia bat antolateko erabili izanagatik edota atzerriko begiraleak gonbidatu izanagatik".

Zentzu berean hitz egin du Bassaren abokatu Mariano Bergesek ere. Hark zehaztu du Fiskaltzak indarkeriatzat duena biltzeko eta manifestatzeko eskubidearen zati dela. "Poliziaren jarrera izan zen gero gertatu zena eragin zuena, eta beraz arrisku egoerak sortu izana ezinzaie akusatuei egotzi", eta 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saioarekin alderatu du Katalunian gertatutakoa, adieraziz Katalunian ez zela armarik atera ez eta tankerik ere, eta ez zirela komunikabideak bahitzen ahalegindu eta ezta agintariak atxikitzen ere.

Ezin da inor zigrtu "indarkeria arriskua" egotzita. Urriaren 1ean, 2.259 eskoletatik soilik 35ean egon ziren istiluak, eta guztiak ere erresistentzia baketsuarekin lotuak. "Edonola ere, irainak, aulki batekin jotzea edo ttu egitea ez da estatu bat amore ematera bultzatzen duten ekintzak. Guardia Zibilak barrikadatzat jo duena, eskolako lau edo bost mahai ziren, bost segundoan kenduta zeudenak. Epailearen aginduak bete egin ziren kasu guztietan, hautesleen asmo bakarra segurtasuun indarren lana atzeratzea zelako".

[youtube]https://youtu.be/asZS0l9Ti3I[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.