Indarkeria matxista

Majarenasen erasotzaileak libre jarraitzea erabaki du Valentziako auzitegiak

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatu zuten espetxean edukitzeko, epaiketa egin eta sententzia atera bitartean. Ihes egiteko arriskurik ez dagoela argudiatu dute epaileek.

Sara Majarenasen erasotzailea aske gelditu zela salatzeko protesta, joan den otsailean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 13a
07:19
Entzun

Valentziako probintzia auzitegiak (Herrialde Katalanak) ez du badaezpadako espetxealdian sartuko Sara Majarenas euskal presoari eta haren alabari eraso zien gizona. Herenegun, akusazio partikularrak bezala, Fiskaltzak ere bat egin zuen eskaera horrekin, baina ez onartzea erabaki du gaur auzitegiak. Otsailaren 15ean geratu zen aske Majarenasen erasotzailea, eta Picassenteko epaileak argudiatu zuen auzitegi medikuen txosten baten zain zeudela eta ikerketa "gehiegi" luzatua zela dagoeneko. Gaur, epaileek arrazoitu dute otsailetik hona ez dela handitu ihes egiteko arriskua.

"Aske geratu zenetik orain arte, ez da handitu ihes egiteko arriskua, nahiz eta zantzu argiak egon akusatuaren erruduntasunaz", azaldu dute epaileek hitzez hitz, BERRIAk eskuratutako sententzian: "Akusatuak badaezpadako neurri guztiak bete ditu, eta berdin egin du auzitegira deitu zaionetan. Uste dugu 'justiziari ihes egiteko' aukera eduki duela kausa honek iraun duen bitartean, dudarik gabe, denbora tarte handia izan baita".

Erabakia "harriduraz" hartu dutela adierazi du Aiert Larrarte abokatuak. "Sara eta Izarren sufrimenduaren gainetik erabaki du epaileak". Larrartek BERRIAri adierazi dionez, epaileak ez du kontuan hartu Majarenasen eta haren alabaren egoerak duen "segurtasun eza". Gogorarazi duenez, "segurtasun neurri batzuk badaude, baina sistema telematikoak hiru aldiz huts egin du dagoeneko". Hori gertatu denetan, poliziak Majarenasi telefonoz deitu dio, jende gehiagorekin egon dadila aholkatzeko. Auzitegiak baldintza horiek kontuan hartu ez izana kritikatu du abokatuak.

Erasotzaileak kalean jarraituko du, beraz, bi kilometroko urruntze aginduarekin eta eskumuturreko telematikoarekin. Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko debekua ere badu, baina herenegun Majarenasen senideek jakinarazi zuten erasotzailearen pultsera telematikoak hirutan huts egin duela. Lehen bi aldietan, ordu erdiz egon da gailua kokapenik gabe, eta, azken aldian, hiru orduz. Majarenasek eta haren alabak Ertzaintzaren zaintzapean segitu beharko dute.

30 urteko zigor eskaria egin zuen Fiskaltzak herenegun erasotzailearen aurka. Zigor eskaera handia eta akusatuak ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta —ez du lanik, ezta etxe finkorik ere— eskatu zuen hura behin-behinean espetxeratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.