Iruñeko Udala

Asiron: "Oraindik ere aukera badago"

Egun bat falta da Iruñeko alkatea hautatatzeko, eta Joseba Asironek beste behin eskua luzatu dio. Atzo bilera deitua zuten Geroa Bairekin eta PSNrekin baina sozialistak ez ziren bertaratu.

Asironen agerraldia, gaur. JOXERRA SENAR.
joxerra senar
2019ko ekainaren 14a
12:34
Entzun

Azken unera arte ahalegindu nahi dute, baina jakitun dira ondo sozialisten asmoez. Maite Esporrin PSNko hautagaiak maiatzaren 26ko gauean bertan "agur Asiron!" oihukatu zuen. Gerora esan du bere hautagaitza aurkeztuko duela eta EH Bilduri keinu egin dio, nahi izanez gero, botoa emateko. Jarrera horren aurka gogor mintzatu da Asiron: "Ez dakit zer logika duen esatea 'ez naiz zurekin eseriko baina zure botoak hartuko nituzke. Politikaren alde txarrera adierazten du".

Aukera guztiak agortu nahirik, prentsaurrekoa eskaini du, gaur goizean, Asironek, Maider Beloki eta Joxe Abaurrearekin batera. PSNri mezua bidali dio. "Ziurrenik uneotan Maite Esporrin begira ari zaigu", aipatu du. Hartara, Asironek nabarmendu du sozialisten eskuetan dagoela hirian udal politika aurrerakoiekin aurrera jarraitzea edo "eskuin atzerakoienaren garaira" itzultzea. EH Bilduko hautagaiak nabarmendu du, aurreko legealdian, akordioetara iristeko gai izan direla. Ardura oro PSNren gain dagoela argitu du.

Eskuinak Vox-ekin arazorik ez

Halaber, Asironek gogora ekarri du Navarra Sumako bazkideak, Ciudadanos eta PP, uneotan "estatuko hainbat tokitan" Vox-ekin negoziatzen eta itunak egiten dabiltzala. Eskuin muturrarekin negoziatzeko arazorik ez duten bitartean, sozialistek betoa ezarri diote Nafarroan EH Bilduri. PSOE berak Espainiako Kongresuan "naturaltasunez" negoziatzen du EH Bilduko diputatuekin, eta hemen esertzeari berari uko egin diote, "noren eta Madrilen erabakiz".

Aukera guztiak agortuagatik, Asironek onartu du lan egiten jarraituko dutela "oposizioan zein gobernuan". Navarra Sumak ez du gehiengo osorik, eta ondorioz gainerako taldeek bere politikak ezartzeko aukerak izango dituzte. Eskuineko koalizioari oroitarazi dio EH Bildu indartsu dagoela eta herritarren gehiengo batek eskuinaren aurka egin zuela. Hartara, etorkizunean, koalizio abertzaleak aurrerantz jarraituko duela uste du. "Navarra Suma da eskuinaren azken frontea".

Enrique Maiaren inbestidura eragozteko, dena den, EH Bilduk ez du "beste formularik" aurreikusten. Bere ustez, "aukera erreal bakarra" da EH Bilduren inguruan egituratzea, hauteskunde emaitzek hala adierazi zutelako eta hirugarren indarrari alde handia ateratzen diolako. "Estatuko beste hiri batean" halako proposamenik ez litzatekeela egingo uste du. Halaber, espero du Geroa Baik bere alde egitea. "Alderantziz balitz" berdina egingo lukeela eta Itziar Gomez babestuko lukeela adierazi du.

Iruñean, alkatea hautatzeko osoko bilkura 18:00etan izango da. Ordurako Nafarroako udal nagusiak aukeratuak izango dira, goizean egingo baitira inbestidura saioak.

Lizarran erabakita

Adibidez, Lizarran 12:00etan egingo da, eta Koldo Leoz egungo alkateak aginte makila galduko du Navarra Sumako Gonzalo Fuentesen mesedetan. Beste hainbat udaletan bezala, PSNk izan du giltza udal gobernuaren kolore politikoa erabakitzeko. Atzo arratsean, PSNko Lizarrako militanteek batzarra egin zuten. Eztabaida handia izan zen, baina azkenean gehiengoak erabaki zuen Sarasate egoitzatik ezarritako irizpidea bete eta EH Bilduren hautagaitza ez babestea. Hiru zinegotziek Jorge Crespo sozialistaren alde bozkatuko dute.

Gaur arratsaldean PSNk beste batzar bat du Eguesibarren. Kasu honetan, bigarren indarra Geroa Bai da, baina jarduneko alkateak onartu du sozialistak zer egin erabakia atzeratzen joan direla. Asteartean bildu zen PSN Geroa Bairekin, eta gaur erabakia hartuko dutela esan. Etxeberria haserre eta atsekabetuta zegoen atzo denborarik ez duelako ematen. Eguesibarren 10:00etan aukeratuko da alkatea nor izango den. Navarra Suma da lehen indarra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.