Galdakaon EH Bilduk eskuratu du alkatetza, Elkarrekin Podemosen eta plataformen babesarekin

Iñigo Hernando izendatu dute alkate, Elkarrekin Podemosen eta Usansolo Herria eta Auzoak plataformen bozekin.

2019ko ekainaren 15a
15:22
Entzun

Udaletxean inbestidura saioko bozketa egin den arte, ez da argitu Galdakaon (Bizkaia) nork hartuko zuen aginte makila. Atzo iluntzean biltzekoak ziren, nor bere aldetik, Galdakaoko Udalean ordezkaritza lortu duten bi plataformak, UH Usansolo Herria eta Auzoak, azken erabakia hartzeko: EAJko Fernando Izagirre edo EH Bilduko Iñigo Hernando hautatu alkatetzarako —abstentzioak Izagirre egingo luke alkate—. Azkenean, EH Bilduko hautagaiaren alde egin dute.

Zortzi zinegotzi ditu EAJ-PSE blokeak, eta zazpi EH Bilduk eta EPk osatutakoak. Beraz, Auzoak plataformako lau zinegotziek eta UHko biek izan dute giltza. Radio Euskadik egindako elkarrizketa batean, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik konfiantzaz adierazi zuen, atzo, koalizioak eskuratuko zuela alkatetza, baina Galdakaoko EH Bilduko iturriek ondoren zehaztu zuten oraindik ez zegoela akordiorik.

Hernandok eskerrak eman dizkie bere alkatetza posible egin duten indarrei, eta alderdi guztiei egin die elkarlanerako deia. Udaletxetik irten denean, dozenaka herritar zituen zain, alkate izendatu dutela ospatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.