Maider Lainez sozialista da Andoaingo alkate EAJren babesari esker

Maider Galardi
2019ko ekainaren 15a
12:02
Entzun

Ikusmira handia egon arren, ez da ezusterako tarterik izan Andoainen. Atzo goizean jakinarazi zuten moduan, jeltzaleek babesa eman diote Maider Lainez sozialistari, eta, hortaz, zerrenda bozkatueneko —EH Bildu— alkategai Andoni Alvarez ez da alkate izango. Alvarezen hautagaitzak zazpi boto lortu ditu, Lainezenak, berriz bederatzi, eta Elkarrekin Podemoseko Maria Teresa Santanak ere aurkeztu du bere hautagaitza. Babes bat jaso du horrek. Hortaz, zortzi urteren ostean, EH Bilduk utziko dio herrian gobernatzeari.

"Elkarrizketarako prest dagoen udal bat nahi dut", adierazi du Lainezek aginte makila hartutakoan, "zuen aurrean konpromisoa hartu nahi dut Andoain on bat egiteko. Zuen alboan aurkituko nauzue, zuengandik hurbil". Gainera, esan du Andoain "elkarbizitzaren erreferente" dela, eta azken urteetan lan handia egin dela bizikidetzaren alde. Besteak beste, eskerrak eman dizkie EH Bilduko kideei gaurko saioa "normaltasun osoz" joan zedin egin duten lanagatik: "Hau duela zortzi urte ez litzateke posible izango. Oso pozik gaude".

EAJk eman dio babesa Lainezi, jeltzaleek eta sozialistek gobernabilitaterako duten itunagatik. Ondorioz, EAJko Mari Jose Izagirre izango da alkateorde. Atzo goizera arte ez zuten aurreakordiorik bi  taldeek, baina ez zuten orain dela lau urtekoa errepikatu nahi. "Andoaindarrentzat ona izango den akordio bat lortu nahi dugu", azaldu du Izagirrek. "Errespetua" ere eskatu du, "guk emango dugunaren adinakoa".

Ana Karrere alkate ohiak (EH Bildu) eman dio aginte makila Lainezi, eta txaloak aditu dira herritarrez lepo zegoen aretoan. Halaber, Alvarezek hitza hartu dunean "Andoni alkate" gisako ohiuak eta txaloak ere entzun dira. Alvarezek Lainez zoriondu du alkatetzagatik, baina jakinarazi du oposizio "zorrotza" egingo dutela datozen urteetan: "Gobernu proiektu bat dugun bakarrak gara, ez dago EAJ-PSE akordioaren berririk". Udaletxe kanpoan ere, dozenaka lagunek itxaron dute Alvarez, eta eskatu du "probokazioetan" ez erortzeko: "Hori da nahi duten irudia". Jasotako babesa eskertu du.

Itunen xehetasunik ez

Hain zuzen ere, EAJk eta PSEk akordioa egin arren, ezer gutxi jakin daiteke osatu duten bideorriaz. Lainezek esan du gaurkoa ez dela "horri buruz hitz egiteko eguna", eta datozen egunetan ikusiko dutela nola banatuko duten lana. EAJko kideek ere uko egin diote galdera horiek erantzuteari. Edonola ere "elkarrizketan oinarritutako" gobernu bat osatu nahi dutela nabarmendu dute biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.