Udaletako inbestidura saioak

Urtaranek hitzeman du elkarlan giroa sortzen ahaleginduko dela

Zinegotzi guztiekin elkarrizketa eta akordioa sustatu nahi dituela adierazi du. PSE-EEren babesaz gain, beste boto bat beharko du gehiengo osora heltzeko. Goiak eta Aburtok ere alkate ardurak berritu dituzte.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, gaur, alkate aukeratu berri. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
2019ko ekainaren 15a
14:37
Entzun

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bigarren agintaldia izango du jarraian, Gasteizko alkatetzan. EAJ hirugarren indar zela izendatu zuten alkate duela lau urte, eta indar bozkatuena izanik errepikatuko du karguan. Hala ere, jakitun da gobernuan kide izango duen PSEren babesaz gain, akordiotara heldu beharko duela indar gehiagorekin ere gehiengo osora heltzeko. Hori dela eta, elkarrizketarako eta akordiorako deia egin die gainerako alderdiei. Zinegotzi guztiekin "elkarlanerako giroa" sortu nahi duela adierazi du. "Nekaezin jardungo dut lanean gobernuaren eta oposizioaren arteko dikotokia gobernuaren eta elkarlanaren artekoa bihurtzeko".

Donostian ere agintean jarraituko du EAJk. Alkate ardura berritu du Eneko Goiak, PSE-EEren babesarekin. Urtaranek ez bezala, Goiak ez du beste taldeekin erabakiak adosteko ezinbesteko beharrik izango, EAJren eta PSE-EEren botoek gehiengo osoaren muga gainditzen baitute. 15 zinegotzi dituzte guztira —hamar EAJk eta bost PSE-EEk—. Gehiengo osoak eskatzen duena baino bat gehiago.

Goiak adierazi du "ohorea eta ardura handia" dela Donostiako alkate izatea, eta Donostia "hiri hobea" izan dadin lan egingo duela ziurtatu du. Horretarako, arreta "donostiarrengan" jarriko du. Alkatearen esanetan, etorkizuna erronkez gainezka dago, "hiri aberats bat eraikitzen jarraitzeko, inor bazterrean utziko ez duena, eta bere identitateari eusten jakingo duena".

Juan Mari Aburtok ere bere bigarren agintaldiari ekingo dio, Bilbon. PSE-EErekin gobernu akordioa sinatu du alderdi jeltzaleak, eta bien artean gobernatzeko gehiengo zabala izango dute. EAJ gehiengo osotik eserleku batera gelditu zen azken udal bozetan —14 eserleku—, baina langa erraz gainditzen du PSE-EErenak batuta. 19 zinegotzi dituzte guztira.

Aginte makila eskuetan hartu ondoren, Aburtok adierazi du "dena" emango duela "Bilboren interesen defentsan", eta kudeaketa onaren garrantzia azpimarratu du. "Politikaren eta politikoen egitekoa aldarrikatu nahi dut, politika onarena, zuhurtziaz kudeatzen egiten dena, gardentasunez, onura orokorraren alde egiten dena".

Gehiengo osoarekin gobernatuko duen arren, "desberdinen arteko akordioak" bilatuko dituela ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.