Bakea eta bizikidetza

Sarek etorkizuneko erronkak finkatu ditu bere bosgarren urteurrenean

Bakegileek Ipar Euskal Herrian landu duten dinamika eredugarria da Sareren iritziz, eta Hegoaldean antzeko ekinaldi bat abiatzea proposatu du. Nabarmendu du Espainiako Kongresuan "gehiengo aurrerakoia" indartuta atera dela azken bozetan. Akordioak bilatuko ditu "maila instituzionalean eta sozialean".

jarraia167787.jpg
2019ko ekainaren 16a
11:59
Entzun

Sare Herritarrak bost urte bete ditu, eta orain arteko ibilbidearen balorazioa egin du gaur, politika, sindikalgintza, kultura eta beste hainbat eremutako herritarrekin batera. Atzera begira bakarrik ez, etorkizunera begira ere jarri da eta aurrera begira ezarri dituen helburuen berri eman du.

Sarek "urrats bat aurrera" emateko garaia dela azpimarratu du gaurko ekitaldian. "Sufrimendurik, biktima gehiagorik eta euskal preso eta iheslaririk gabe, elkarbizitza eta bakea oinarri dituen jendarte bat eraikitzearekin amesten dugu guk". Egoera hori errealitate bihurtzea da Sarek bere buruari jarri dion helburua. "Auzi hau, behin betiko konpondu behar dugu, gertatutako oro errepika ez dadin bermeak ezarri eta herri hau normalizazio egoera batera eraman”.

Ildo horretan, lanerako bi ardatz jorratuko ditu. Batetik, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien amaiera bultzatzeko ekintzak. Bestetik, bizikidetza sustatzeko jarduerak.

Lehenengoari dagokionez, Sarek adierazi du salbuespen neurriak direla "euskal preso eta iheslariei etxeratzeko dagokien bidea dagozkien baldintzetan egitea eragozten dietenak". Nabarmendu duenez, korapilo hori askatzea funtsezkoa da Euskal Herrian bake agertoki bat eraikitzeko. "Preso eta iheslarien auziari aterabidea eman dieten herriek baino ez dute benetako bake egoera eraikitzeko aukera izan".

Bestalde, Sarek uste du elkarbizitzaren eremutan zenbait urrats eman diren arren, oraindik ere zeregina dagoela. "Orain artean hasitako bideari eutsiz, baina, ezberdinen arteko espazio berriak sustatuz, konponbiderako subjektu izan behar diren ahots guztiak entzun eta jaso" behar direla adierazi du. Elkarrizketarako eremu horrek "errekonozimendua, errespetua eta enpatia" izan behar ditu oinarri, Sareren iritziz.

Bakegileek Ipar Euskal Herrian jorratu duten bidea eredugarri jo du, eta Hegoaldean ere antzeko dinamika bat abiatzea proposatu du "gure forma eta bide propioa garatuz, konponbidearen bidean urratsak emateko". Aipatu du Espainiako Kongresuan "gehiengo aurrerakoia" indartuta atera dela azken bozetatik, eta akordioak bilatuko dituela "maila instituzionalean eta sozialean", "konponbidearen eta bakearen alde aurrera egiteko".

Gizartearen aktibazioan ere eragin nahi du. "Iparraldean garatutako prozesua, ez litzake posible izango gizarte osoaren
bultzadarik gabe". Horregatik, Hegoaldean ere, dinamikak ugaldu eta sareak hedatzeko ahalegin egingo du, gizarte zibilaren mobilizazioa eta konpromisoa indartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.