Nafarroako parlamentua

Parlamentuko presidentetza eskatu dio Geroa Baik PSNri

EH Bilduri ere parlamentuko mahaian ordezkari bat izatea dagokiola esan dio Uxue Barkosek PSNri. Bilera egin ondoren, agerraldia egin du Geroa Baikoak: "Uste dugu PSNri dagokiola gobernuaren lidergoa, eta Geroa Bairi parlamentuko mahaiaren presidentetza".

Uxue Barkos, gaur egindako agerraldian. GEROA BAI
2019ko ekainaren 17a
07:08
Entzun

"Egonkortasuna eta gobernabidea" bilatzearen alde mintzatu da gaur Uxue Barkos (Geroa Bai), PSNrekin bildu ondoren egindako agerraldian. Asteburuko udalen osaketaren ondoren, etzi egingo dute bilkura Nafarroako Parlamentuan, eta hari buruz aritu dira hizketan Geroa Bai eta PSN, gaur goizean: "Uste dugu PSNri dagokiola gobernuaren lidergoa, eta Geroa Bairi Parlamentuko mahaiaren presidentetza", esan du Uxue Barkosek bilkuraren. "Nafarroaren gobernabidea ezin da Navarra Sumaren esku utzi".

Ez da gaur zehaztu duten bakarra. EH Bilduri buruz ere hitz egin dute Geroa Baik eta PSNk; parlamentuko mahaian koalizio subiranistak kargu bat edukitzea nahi du Geroa Baik, EH Bildu gabe egonkortasunik bermatu ezingo dutelakoan. "Datozen orduetarako" espero dute PSNren erantzuna.

PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek, berriz, gaur goizean adierazi du PSN dela mahaiaren eta gobernuaren osaketa "gidatu" behar duena, eta EH Bilduri buruz galdetuta, gogorarazi du aurreko legealdian PSN ez zela mahaian ordezkatuta egon.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen hitzetan, Iruñeko Udalean gertatutakoa ikusita, "zaila da pentsatzea" PSNk lidergoa nahi duela "gobernu aurrerakoi bat egiteko". "Baina tira, oraindik denbora dago", esan du Otegik: "Oraindik asko hitz egin behar da, oraindik ikusi behar da zer gertatzen den, eta gu hor egongo gara".

2015eko gobernu aldaketa ekarri zuten indarrek ez dute lortu gehiengorik —19 eserleku dituzte—. Maiatzaren 26ko bozetan Navarra Sumak 20 parlamentari lortu zituen, 11 PSNk, 9 Geroa Baik, 7 EH Bilduk, 2 Ahal Dugu-k eta 1 Ezkerrak.

Behin mahaia osatuta, parlamentuko presidenteak bilera sorta bat egin behar du alderdiekin, ikusteko zer hautagaik bil dezakeen babes gehien. Horren arabera, lehendakarigai bat proposatu beharko du, eta hautagai horrek gehiengoa eskuratu beharko du: absolutua lehen bozketan, edo soila bigarrenean. Hiru hilabeteko epean inork ez balu bilduko behar adina boto, bozak berriro egin beharko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.