'Habidite auzia'

Bertan behera utzi dute Jose Luis Bilbaok deklaratu behar zuen auzi saioa

Habidite auzian, lekukoen deklaraziorako saioa zuen egitekoa, gaur, EAEko Auzitegi Nagusiak. Auzia bertan behera utzi dute. Auzitegiak argudiatu du aretoaren edukiera txikiegia zela saioa jarraitu nahi zuten hedabideak eta publikoa hartzeko.

Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu ohia, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi ohia eta Jabyer Fernandez enpresaria, Habiditeren proiektuaren aurkezpenean, 2006ko abenduan. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko ekainaren 18a
19:13
Entzun

Habidite enpresak Bizkaiko Foru Aldundiaren kontra aurkeztu zuen salaketaren harira, epaiketa egiten ari dira EAEko Auzitegi Nagusiako Administrazioarekiko Auzietarako aretoan. Gaur lekukoen deklarazioarentzako saioa egin behar zuten, eta bertan deklaratzera deituta zegoen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoa. Saioa ez da egin, ordea. Auzitegiak bertan behera uztea erabaki du. Erabakia justifikatzeko arrazoia aretoaren edukiera izan da. Toki nahikorik ez, saioa jarraitu nahi zuten hedabide guztiak eta publikoa hartzeko.

Habidite Jabyer Fernandez enpresariak bultzatu zuen proiektu bat izan zen. Bizkaiko aldundiak diru laguntza hitzeman zion Habiditeri, Alonsotegin (Bizkaia) aurrez fabrikatutako 1.500 etxebizitza egiteko. Diru laguntza horiek baina, legez kanpokoak zirela ebatzi zuen Europako Batzordeak, eta aldundiak atzera egin zuen. Bilbao zen orduko ahaldun nagusi. Habiditek sinatutako hitzarmena betetzeko exijitu zion foru gobernuari, baina Bilbaok uko egin zion Fernandezen eskariari. Enpresariak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta hark arrazoia eman zion. Auzitegiak ebatzi zuen ez zegoela arrazoirik hitzarmena indargabe uzteko, eta erabakia berretsi egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.

Epai horiek eskuan, Habiditek kalte ordainak exijitu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari epaitegietan. Ia 31 milioi euro galdegin dizkio guztira. Bizkaiko aldundiak Habiditeri kalte ordainik eman behar dion ala ez erabaki behar du EAEko Auzitegi Gorenak.

Fernandez hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen Bizkaiko Audientziak 2014an. Bizkaiko aldundiak lau urteko kartzela zigorra eta 80 milioiko kalte ordaina eskatu zituen orduan enpresariaren aurka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.