Euskal presoak

Josu Urrutikoetxearen auzian ausardia erakustera deitu dute Frantzia

Le Monde egunkarian argitaratu duten iritzi artikulu batean, Urrutikoetxeak gatazkaren konponbidean izan duen papera azpimarratu dute nazioarteko hiru adituk.

Josu Urrutikoetxearen aldeko mobilizazio bat, Ugaon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 18a
07:16
Entzun

Andy Carl, Conciliation Ressources erakundearen sortzailea, Véronique Dudouet, US Institute of Peace erakundeko ikerlaria, eta Jean-Marie Muller filosofoa, idazlea eta MAN Bortizkeriarik gabeko Alternatiba baten aldeko Mugimenduaren sortzailea. Horiek dira Josu Urrutikoetxearen kasuari begira Frantziako Le Monde egunkarian iritzi artikulua idatzi duten nazioarteko hiru adituak. Urrutikoetxeak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean izan duen papera azpimarratu dute, eta bere kasuari "konponbide alternatibo bat" aurkitu behar zaiola iradoki. "Orain dela 30 urte iragandako ekintza bortitz batzuetan fokalizatutako ikuspegi penal soila lehenetsiz, eta gerra logikatik ateratzeko egindako indarrak aitortzea errefusatuz, bukatu gabeko bake prozesu horretan ausardia eta lidergoa erakusteko aukera erabakigarri bat galtzen du Frantziako Gobernuak", adierazi dute.

Hain zuzen ere, bihar goizean (09:00) izanen du Urrutikoetxeak, Parisen, aurreneko epaiketa, Dei Auzitegian, ETAko zuzendaritzakide izatea egotzita. 2010ean zazpi urteko kartzela ezarri zioten, baina Urrutikoetxea sasian zen, eta pasa den maiatzaren 16an atzeman ondotik eskatu du berriro epaitzeko. Hilaren 28an izanen du beste epaiketa bat, Parisen hori ere, Auzitegi Korrekzionalean.

Hiru adituen hitzetan, Josu Urrutikoetxearen kasuak galdera delikatu bat sortzen du Frantziarentzat. "Nola babestu euskal gatazkatik ateratzeko transizioa, iraganean burututako ekintza bortitzen larritasuna, eta, egia, justizia, eta erreparazioa eskuratzeko biktima ororen eskubidea aitortuz?".  Erantzun garbirik ez badute ere, borroka bortitzetik, politika baketsura transizioa eraman dutenen "kriminalizazioa", "etikoki problematikoa" eta "estrategikoki kontra produktiboa" dela uste dute. Josu Urrutikoetxea askatzeko eskatzen dutenek ideia hori defendatzen dutela nabarmendu dute.

Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren berezitasuna azpimarratzen dute halaber, ez delako "garaipen militar baten edo bake akordio batzuen ondorioa". Hala ere, Irlanda edo Kolonbiako kasuak aipatzen dituzte, bake akordio batek ez duela "bakea bermatzen" erakusteko. Hiru adituen hitzetan, gatazkaren konponbidea lortzeko, protagonista nagusiek paradima aldaketaren alde egin behar dute, gatazka politikoa "desmilitarizatuz" eta "etsai ohiekin" elkarrizketa zintzo bat bilatzeko. "Orokorrean, egitura militanteen armagabetzea eta desegitea dakartza berekin, estatuen borondate oneko keinuen ordainez; baita preso politikoen askatzea eta gudari batzuentzat amnistia ere, errekontziliaziorako eta iraganeko kalteak aitortzeko engaiamendua hartzen badute".
Euskal Herriko kasua "desberdina" izan dela diote, konponbide negoziatu batera iristeko saiakera antzuen ondotik -Josu Urrutikoetxeak horietan izan duen leku zentrala azpimarratzen dute-, alde bakarreko bidearen hautua egin eta estrategia aldaketa gertatu zela azalduta. Aieteko konferentzia, eta ETAren armagabetzea eta desegitea aipatzen dituzte, eta baita gizarte zibileko eragileek izandako parte hartzea ere. "Josu Urrutikoetxea protagonista gako bat izan da prozesu luze horretan. Bake akordio negoziatu baten testuinguruan konponbide jestuak izanen zituen estatuarengandik, bake iraunkor baten eraikuntza lanetan parte hartzeko".

Frantziako iritzi publikoari deia

Frantzia eta Espainiarekin konponbide negoziatu batera iritsi gabe, parekoari maila bereko urratsak eskatzea zaila dela azpimarratzen dute, baina jarrera aldatu ezean, Frantziako Gobernuak mezu "arriskutsu" bat bidali dezakeela deitoratzen dute: bakea "indarrez baizik" ezin dela eraiki. "Justizia transizionala zaila da eraikitzen segurtasun eta justizia baliabideak soilik erabilita. Frantziako iritzi publikoari dei egiten diogu bere gobernua ausardia politikoa izatera bultzatu dezan, euskal gatazkaren konponbidean traba egiten duten azken oztopoak konpontzeko lan egin dezan, preso eta militante ohien gaia, elkarrizketa eta biktimen entzutea barne, eskualdean bakea eta demokrazia elkarrekin eraikitzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.