Nafarroako parlamentua

PSN prest legoke Geroa Bairi presidentetza uzteko, baina ez du EH Bildu mahaian nahi

Negoziatzen jarraitzen dute PSNko, Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariek. Bihar egingo dute Nafarroako Parlamentuko bilkura, 11:00etan.

Unai Uhalde Geroa Baiko ordezkaria, gaur gauean Iruñean, PSNrekin bilera bukatu ostean. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko ekainaren 18a
07:14
Entzun

Bihar dute hitzordua, 11:00etan. Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura egingo dute, eta bertan aukeratuko dituzte erakundeko presidentea eta mahaiko gainerako kideak. Azken orduetan, negoziatzen jarraitzen dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Goizean, bilera bat egin dute lau alderdietako ordezkariek, eta PSNko eta Geroa Baiko zuzendaritzak elkartu dira, nor bere aldetik. Europa Press berri agentziak alderdietako iturriak aipatuz zabaldu duenez, PSNk ez luke arazorik presidentetza Geroa Bairi uzteko, baina ez dago prest EH Bildu parlamentuko mahaian onartzeko.

"Uste dugu PSNri dagokiola gobernuaren lidergoa, eta Geroa Bairi Parlamentuko mahaiaren presidentetza", esan zuen atzo Uxue Barkos Geroa Bairen hautagaiak, sozialistekin egindako bileraren ondoren. EH Bilduk Parlamentuko Mahaian leku bat izatea ere eskatu zion, baina PSNk ez du halakorik nahi, gaur berri agentziek zabaldu dutenez. "Negoziatzen jarraitzen dugu, eta borrokatu dugu", esan du PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek. Antzeko bidetik jo du Geroa Baiko Koldo Martinezek ere: "Ez dugu oraindik ezer adostu, ezer erabaki".

"Egonkortasuna eta gobernabidea" bilatzeko ahalegin gisa aurkeztu zuen Barkosek Geroa Bairen proposamena, atzo. "Nafarroaren gobernabidea ezin da Navarra Sumaren esku utzi". PSNk presidenteorde bat eta EH Bilduk idazkari bat izango lukete mahaian, Geroa Bairen proposamenaren arabera. Navarra Sumarentzat lirateke beste bi mahaikideak.

Mahaia, PSNk nahi duen "aniztasunaren" isla

Larunbatean, EH Bildu kritiko mintzatu zen PSNren aurka; egotzi zion "abuztuko kolpea ekainera" aurreratzea udaletan: "PSNk azalpen publikoak zor ditu, sozialistek eurek eskatzen duten konfiantzaren edozein izpi apurtu dutelako". PSNren hitza eta jarduteko modua defendatu zituen, ordea, Alzorrizek, eta Ser irrati katean azaldu zuen nolakoa nahi duen parlamentuko mahaia: "Uste dut mahaian islatu behar dugula gobernurako nahi dugun aniztasuna; Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin osatu nahi dugun gobernu horrek nagusi izan behar duela mahaian".

Bihar parlamentuko presidente aukeratzen duten parlamentariak bilera sorta bat egin beharko du talde politikoekin, hamar eguneko epean presidentegai bat aurkezteko ganberari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.