Euskal presoak

Espainiaren euroagindu baten berri eman eta atxilotu egin dute Urrutikoetxea

Frantziako prozeduretan libre gelditu ondotik, Espainiak eskatutako euroagindu baten berri eman diote Josu Urrutikoetxeari, eta DGSIko agenteek atxilo eraman dute espetxetik bertatik. Dei auzitegian izan da haren kontrako lehen epaiketako saioa, eta aske uztea erabaki du epaileak. Louis Joinet frantziar jurista ezagunak proposatu du bere etxean hartzea; berriz atxilotu dute, ordea.

Polizien ibilgailuak La Sante espetxeko atarian, gaur arratsaldean. Urrutikoetxea handik ateratzekoa zen, baina atxilotu egin dute berriz. JULIEN DE ROSA / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki, Enekoitz Esnaola
2019ko ekainaren 19a
07:10
Entzun

Parisko Dei Auzitegiak aske uztea erabaki du, baina Josu Urrutikoetxea ezin izan da kalera atera. Frantziako prozeduretan libre gelditu den arren, horren ondoren Espainiak eskatutako euroagindu baten berri eman diote Urrutikoetxeari, eta DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko agenteek atxilotu egin dute, espetxetik bertan. EFE berri agentziak auzitegietako iturriak aipatuz zehaztu duenez, "gehienez 48 orduren buruan" gauzatuko dute euroaginduaren jakinarazpena, eta gero Parisko Dei Auzitegitik pasatu beharko du. Bitartean, "atxikita" izango dute, EFEren arabera, DGSIren bulego zentraletan, Paris kanpoaldean.

EH Baik eta EH Bilduk esan dute arratsaldeko atxiloketa "guztiz ulergaitza" dela: "Gure haserrea adierazi nahi dugu ohar honen bidez. Ez dugu ulertzen Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske utzi ostean berriz atxilotu izana euroagindu eskaera batengatik". Bi indar politikoen arabera, "atxiloketa horrek ez du bat egiten Euskal Herrian bizi dugun bake prozesuarekin". Erabakia "politikoa" dela kritikatu dute, eta salatu dute "oraindik ere badela gatazkaren konponbidean etekin politikoa erdietsi eta irtenbidea galtzaileen eta garaileen logikan ulertzen duenik". Hala, EH Baik eta EH Bilduk eskatu dute bertan behera uzteko Urrutikoetxearen aurkako euroagindua eta hura berehala askatzeko.

Sarek ere "kezka" adierazi du "Frantziako Gobernuak Urrutikoetxea aske uzteko erabakiaren ondotik" berriz atxilotu dutelako: "Bere gaitzari aurre egin ahal izateko askatu dute Josu". Hori aintzat hartuta, "ahalik eta azkarren etxeratzea" nahi duela nabarmendu du mugimenduak.

Auzitegiaren erabakia: aske uztea

12:35ean jakinarazi dute Parisko Dei Auzitegiko epaileek Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uzteko erabakia. Aurrez, eskaera horixe egin die euskal presoaren abokatu Laurent Pasquet-Marinaccek. Abokatuak epaileei dei egin die, bere "zaindari" izaera azpimarratuta. "Ez zarete baldintzapeko askatasun eskaera bat aztertzera deituak; espetxeratze prebentibo bat aztertzera deituak zarete". Prozedura akats bat egon dela ere aipatu du. Estatuko abokatu nagusiak ukatu egin du akatsa egon dela; haren arabera, epea bi hilabetekoa da Urrutikoetxearen helegitea aztertzeko, ez bi astekoa —epe hau, agortua da—, defentsak esan bezala.

Louis Joinet frantziar jurista ezagunak proposatu du Urrutikoetxea, libre geratuz gero, bere etxean hartzea, berme gisa. "Nire askatasuna onartzeko eskatzen dizut", erran dio presoak epaileei. "Louis Joinetek bere bermea eman du. Frantzian oso pertsona ezaguna eta errespetatua da".

Askatasuna erabaki duen epaileak baldintzak jarri dizkio Urrutikoetxeari (Ugao, Bizkaia; 68 urte): Frantziako Estatutik ez ateratzea, eta astero Parisen polizia etxeren batera joatea sinatzera. Hilaren 28an beste epaiketa bat izango du Parisen, Auzitegi Korrekzionalean. Azkenean, ordea, berriz atxilotu dute.

Defentsa abokatuak, halaber, adierazi du ospitale batean atxilotu zutela Urrutikoetxea, "bezperan izandako hitzordu baten ondotik, larrialdi handiko ebakuntza egin behar ziotelarik". Ebakuntza ezin izan zioten egin atxiloketaren ondorioz, abokatuaren esanetan. "Atxiloaldian aztertu zuen medikuak erran zuen presondegiratzea egotekotan ebakuntza egin ondoren gertatu behar zela". Horrez gain, Urrutikoetxeak azkeneko 30 urteetan "bakearen alde" egindako lana nabarmendu du Pasquet-Marinaccek.

Joinet, François Mitterrand Frantziako presidente ohiaren aholkularia izan zen (1981-1995), eta aldi hartako bost lehen ministroren aholkulari ere bai. Frantziako Gorte Goreneko magistratu izan zen, eta, giza eskubideen alorrean, NBEren ordezkaria munduko hainbat gatazkatan. 2014an eta 2015ean Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batekin lanean aritu zen, Parisen, euskal gatazkaren ondorioen atalean. 2017ko apirilaren 8an Baionan izan zen, ETAren armagabetze egunean, eta oholtzan hark irakurri zuen eragileen adierazpena frantsesez.

Urrutikoetxea 10:30ak pasatuta iritsi da Parisko Dei Auzitegiko aretora. Haren kontrako epaiketa hasi dute gaur, aurrenekoa, ETAren zuzendaritzako kidea izate egotzita. 2010ean zazpi urteko kartzela ezarri zioten, ETAko zuzendaritzako kidetzat jota, baina Urrutikoetxea sasian zen, eta joan den maiatzaren 16an atzeman ondotik eskatu du berriro epaitzeko. Hilaren 28an izanen du beste epaiketa bat, Parisen hori ere. 

Haren abokatuak azaldu du presoak konponbiderako "leku aktibo eta zentrala" izan zuela 1980ko hamarkada bukaeratik; "ETA eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkari konponbide baketsu bat aurkitzeko indar eta ekinaldi guzietan parte hartu du". Aljerko negoziazioak (1989) eta Genevakoak (2005-2006) aipatu ditu. 2011n Norvegiako autoritate nagusien harrera izan zuela Oslon, eta aipatu du ETAren desegite agiriaren irakurketa egin zuela ere 2018ko maiatzaren 3an. "ETAren borroka armatuaren bukaera ekarri duen aktore nagusia da preso duzuena".

Egoitz Urrutikoetxea: "Bada manerarik legeen barnean urratsak egiteko"

Josu Urrutikoetxearen seme Egoitzek epaileen erabakiaren ondoren azaldu du frogatu dela legeak aintzat hartuta egin daitezkeela gauzak. "Zuzenbideari loturiko erabaki bat hartuta, libre izan beharko zen, eta hala egin dute, prozedurako akatsak zirela tarteko. Horrek erakusten du legeak betetzen dituztenean eta legea aplikatuz badela manera oraindik ere katramilatua dagoen egoera bati erantzuna emateko. Perspektiba horretan aitaren askatzeak adierazten du badela manerarik legeen barnean urratsak egiteko".

Egoitz Urrutikoetxearen esanetan, epaileek "aintzat hartu dute egoera politikoa ere, eta hori inportantea da". Uste du Euskal Herrian perspektiba berriak ireki beharko liratekeela. "Espainiako Estatuari emandako biziki mezu argi bat da, behingoz herriaren hitza errespeta dezan, Euskal Herrian gatazkaren ondorioen konponbidean urratsak egin ditzan eta iraganean gertatutakoa berriz errepika ez dadin urrats sendoak egiteko bidean koka dadin. Hori da gure herrian egin dezakegun gauzarik hoberena gatazka honetan kaltetuak izan diren alde biei begira. Bada garaia etorkizunera begira ezar gaitezen, adiskidetze bidean pausoak eman daitezen". Halaber, "termino demokratikoetan eta heldutasunez, euskal gatazkaren iturburuan dauden korapiloak behingoz askatzera" dei egin du Egoitz Urrutikoetxeak.

Haren arreba Iratik eta biek gaur izan dute aitarekin egoteko lehen aldia atxiloketaz geroztik.

Urrutikoetxearen kontrako epaiketa dela eta, hiru adituk "ausardia politikoa" erakusteko eskatu diote Frantziari. Andy Carl Conciliation Ressources erakundearen sortzaileak, Veronique Dudouet US Institute of Peace erakundeko ikerlariak, eta Jean Marie Muller filosofo, idazle eta MAN Bortizkeriarik gabeko Alternatiba baten aldeko Mugimenduaren sortzaileak uste dute "konponbide alternatibo bat" aurkitu behar zaiola Urrutikoetxearen kasuari.

Joan den maiatzaren 16an atxilotu zuten, Frantzian, Goi Savoiako Sallanches herrian, eta presondegian sartu —La Santen dago, Parisen—, kartzela zigorrak ezarriak dizkiotelako. Urrutikoetxeak 2002an ihes egin zuen Euskal Herritik, Espainiako Auzitegi Nazionalak 1987ko atentatu bategatik auzipetu egin nahi zuelako.

2010ean, zazpi urteko kartzela ezarri zioten, ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatuta. Hilaren 28an, berriz, Parisko Auzitegi Korrekzionalean izango da, 2017an ezarritako zortzi urteko espetxeagatik. Norvegian ETAko ordezkaritza politikoan parte hartzea egotzita kondenatu zuen Parisek orain dela bi urte. 2011ko urrian jarduera armatuaren bukaera iragarri ondotik, ETA Oslon ahalegindu zen Espainiako Gobernuarekin arlo teknikoko elkarrizketak abiatzen, 2011 eta 2013 artean, nazioarteko bitartekaritza bat tarteko zela, baina saialdi antzua izan zen. 2012ko udazkenean Frantziari ere egin zion ETAk proposamen bat, baina saio hura ere ez zen atera aurrera.

Erreakzioak

AVT ETAren biktimen elkarteak esan du Frantziari azalpenak eskatu dizkiola gaurko erabakiagatik. "Ikaragarrizko ezustea" izan da, harentzat, epaileen neurria. "Berria jakin bezain laster, Frantziarekin harremanean jarri gara, ez genuelako erabakia ulertzen", azaldu du AVTk, ohar batean.

Covite elkartea ere "harrituta" geratu da epaileek Urrutikoetxea aske utzi izanagatik, eta "kezka" agertu du, txio batean. Hark ere azalpenak eskatu dizkie "frantziar autoritateei". "Espero dugu Frantziako Poliziak ondo izatea zaintzan, berriro ez dezan egin ihes".

EH Bilduk eta EH Baik ohar bateratua plazaratu dute. Ongi hartu dute epaileen deliberoa. "Josu Urrutikoetxeak, beste bakegile bat bezala, paper aktibo bat izan du azken urteetan eraikitako bake prozesuan, elkarrizketaren bitartez irtenbide politikoa bilatuz gatazka politikoari. Bakearen apustuaren aldeko erreferente nagusietako bat izan da ETAn. Elkarrizketaren bidea beti irekia utzi duen pertsona izan da. Euskal Herriko gizarte zibilaren zein eragile politikoaren gehiengoak bake prozesuaren aldeko apustua berretsi duten honetan, gaurko erabakia positibotzat jotzen dugu".

EH Bilduk eta EH Baik Frantziako Gobernuari eskatu diote "ildo beretik" segitzeko aitzina, "eta bake prozesuren aldera doazen urrats gehiago egin ditzan"; kasurako, laster ebatziko diren Lorentxa Beyrie eta Frederic Haranbururen baldintzapeko askatasun eskaeren auzian. Euskal presoen auzia ere aipatu dute. "Azken urte eta hilabeteetako mobilizazioek erakutsi diguten bezala, bide horretan segitu behar dugu. Bake prozesuaren aldeko mobilizazio guztiak garrantzitsuak dira, Euskal Herrian zinezko bake justu eta iraunkor bat lortu nahi badugu".

Espainiako Barne Ministerioak esan du Parisen gaurko erabakia "erabat judiziala" dela, eta uste du "lehenago ala beranduago" Urrutikoetxea epaituko dutela Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.