Ertzaintza

Segurtasun Sailak apirilaren 13ko oldarraldia "ikertzen" jarraitzen du

Oldarraldi hartan ertzainek matrailezurra apurtu zioten manifestari bati, foam jaurtigai baten bidez.

Estefania Beltran de Heredia sailburua, batzordera iristen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko ekainaren 19a
15:43
Entzun

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko parlamentarien galderei erantzuteko, apirilaren 13an Bilbon izandako istiluen inguruan Voxek ekitaldi politikoa egin zuenean Euskalduna jauregian. Istilu haietan Ertzaintzak jaurtikitako foam bala batek matrailezurra apurtu zion neska bati.

Beltran de Herediaren agerraldiak ez du berritasun handirik ekarri lehenago ere egindakoetatik. Gertaeren orain arteko bertsioari eutsi dio, esan du Ertzaintza saiatu zela manifestariak eta mitinera zihoazenak errepidearen alde banatan atxikitzen elkarren artean liskarrik sor ez zedin, emakume bat atxilotu zutela ertzainei oldartu zitzaielako, eta orduan hasi zela manifestari multzo bat harriak eta bestelakoak botatzen.

Beltran de Herediaren iritziz, ertzainen jokabidea “justifikatua, profesionala eta zorrotza” izan zen. Zauritutako neskaren inguruan, orain artekoa errepikatu du: ikerketa egiten ari dira gertatutakoa argitzeko, eta, hori amaitutakoan, epailearen eta fiskalaren esku utziko dute, baina ez du horri buruzko xehetasun gehiago eman.

Azalpenek ez dituzte asebete galderak egin dituzten parlamentariak. EH Bilduko Julen Arzuagak deitoratu du “informazio apur bat atera ahal izateko galdera mordoa” egin behar izatea, eta zalantzan jarri du operatiboaren egokitasuna, kontuan izanda manifestariak matrailezurrean izan zuela zauria: “Agenteek gaizki erabili bazituzten foam jaurtigaiak, haien erantzukizuna da; baina ondo erabili bazuten, eta ondorioa hori izanik, arduradunak dira protokolo okerra taxutu dutenak”.

Elkarrekin Podemoseko Edurne Garciak, berriz, kezka agertu du “zintzoen eta gaiztoen kontakizuna” egin duelako: “Protestan askotariko jendea egon zen, baina denek pairatu zuten ertzainen oldarraldia”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.