Erabakitzeko eskubidea

"Oinarrizko eskubideen aldeko" mendi martxa egingo du Gure Eskuk hilaren 29an

Arantzazutik Urbiako zelaigunerako bidea egingo dute. Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketarekin bat eginez, "preso politikoei elkartasuna adierazteko" baliatuko dute ibilaldia.

Gure Eskuko kideak Arantzazun (Gipuzkoa), gaur, ekainaren 29ko mendi martxa aurkezten. GURE ESKU.
2019ko ekainaren 20a
07:28
Entzun

Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketak "oinarrizko eskubideen erabilpena eta demokrazia bera eseri ditu akusatuen aulkian", Gure Eskuk salatu duenez: "Eta, beraz, guztion oinarrizko eskubideak daude jokoan". Epaiketa amaitu den honetan, egoera hori salatu eta "oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa" adierazteko, Eskubideen aldeko Mendi Martxa antolatu dute ekainaren 29rako, larunbatez. 10:00etan izango da irteera Arantzazutik (Gipuzkoa), eta Urbiako zelaigunean amaituko dute ibilaldia eguerdian. Ekitaldia eta mosaikoa egingo dituzte han, "preso politikoekiko elkartasunez". Jantzi eta osagarri horiak eramateko ere eskatu dute.

Arantzazun egindako agerraldian Gure Eskuko kideek gogora ekarri dutenez, 485 eta 611 egun artean daramatzate kartzelan buruzagi independentista katalanek; eta erbestean ere badaude batzuk. "Espainiako Estatuak preso politikoak eta erbesteratu politikoak dauzka, erreferendum bat antolatzeagatik, Kataluniaren estatus politikoaren inguruko erabakia herritarren esku jartzeagatik". Oinarrizko eskubide horiek "kriminalizatzea" onartezina dela uste dute mugimenduko partaideek, eta beste kasu batzuk ere aipatu dituzte: Altsasuko gazteena eta euskal presoen eskubideak defendatzeagatik irailean epaituko dituzten 47 euskal herritarrena.

"Gatazka politikoen aurrean, eskubideak kriminalizatu beharrean, bide politiko eta demokratikoak nagusitu behar dira", Gure Eskuren hitzetan. Horretarako, "itxaropenez eta determinazioz, oinarrizko eskubideak defendatzen eta erabiltzen" jarraituko dutela ziurtatu dute.

Ez da Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketaren harira egingo duten mobilizazio bakarra. Euskal Herritik kanpo ere izango da protestarik. Igandean, elkarretaratze bat egingo du Madrilen Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Madrildarrak izeneko plataformak, "preso politikoei babesa" eman eta erakundeei "sumindura" adierazteko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.