Ekialde Hurbila

AEBen drone bat bota du Iranek

Teheranek ohartarazi du bere helburua ez dela gerra bat hastea, baina bere burua defendatzeko prest dagoela. Washingtonek ukatu du Irango aire eremuan sartu izana.

MQ-4C motako drone bat, artxiboko irudi batean. LINDSEY PARNABY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 20a
11:42
Entzun

Ormuzko itsasartetik gertu jazo da. AEBetako armadaren drone bat bota du Iranek lur-aireko misil bat jaurtita. Iranen arabera, bere aire eremuan sartu da AEBen airekoa, eta horegatik bota du. Aldiz, AEBek diote nazioarteko aire eremuan zegoela eraso diotela droneari.

Irango Guardia Iraultzaileak adierazi duenez, Ormuzgan probintzian atzeman dute dronea, Irango mugen barruan, eta hura bota izana Washingtoni helarazitako "mezu bat" izan da. "Ez da gure helburua gerra bat hastea, baina gure mugak defendatuko ditugu edozein esku hartzeren aurka".

Bi aldeen arteko tentsioak gora egin du azken asteetan. Joan den astean AEBek egotzi zioten Teherani Omango golkoan, Ormuzko itsasartetik gertu, bi petroliontzik jasan duten erasoaren erantzule izatea. Iranek ukatu egin zuen erasoarekin zerikusia izatea, baina Washingtonek bideo bat zabaldu zuen erantzulea hura zela frogatzeko asmoz. Bideoan ikus daiteke Irango patruilaontzi bat Japoniako petroliontzi baten alboan, eta gizon bat ageri da, zutik, petroliontziaren kroskotik objektu bat kentzen. AEBetako armadaren arabera, lehertu gabe gelditu zen lehergailu bat da objektu hori. Ziurtatu du Irango ontziak bonba erretiratu zuela Iranen arduraren aztarnak ezabatzeko.

Iranek jarrera gogortu duela argudiatuta, Pentagonoak iragarri zuen 1.000 soldadu gehiago bidaliko dituela Ekialde Hurbilera. Maiatzean ere beste 1.500 bidali zituen, eta, guztira, 20.000 daude eremu hartan hedatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.