EUSKALGINTZA

Jon Abril izendatu dute Elhuyarreko zuzendari nagusi

Zazpi urtean Leire Canciok betetako postua hartuko du. Bi erronka jarri ditu erakunde barrurako: ingurumena babestea eta berdintasunean urratsak egitea.

jarraia167912.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 20a
12:32
Entzun

Gidari aldaketa Elhuyar fundazioan: Leire Canciok utzi egin du zuzendaritza, zazpi urte postu horretan eman eta gero. Haren ordez, Jon Abril izango da aurrerantzean Elhuyarreko zuzendari nagusia. 2012tik ari da Elhuyarren lanean, aholkularitza arloan, batik bat euskara eta partaidetza alorretan. Partaidetza eta Berrikuntza Sozialeko lantaldearen koordinatzailea izan da azken urteetan.

Euskalgintzan ibilbide luzea egindakoa da Abril: euskarazko hedabideetan aritua da —besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n, Xorroxin irratian eta Ttipi-ttapa telebistan—, eta bertsolari txapelketetan epaile gisa dihardu. Oraintsu aurkeztu du Neskatoak dokumentala. Politikaren esparruan ere badu ibilbidea; Aralar alderdiko koordinatzaileordea izan zen.

Kargua hartu berritan, nabarmendu du Elhuyarrek "balio sendoak" dituela egungo erronkei heltzeko: "Euskal gizarteak aurrean dituen erronkei adi jarraitu behar die Elhuyarrek, horiei etengabe erantzuteko gaitasuna erakutsiz, dela euskararen alorrean, dela hizkuntza teknologietan edota zientziaren dibulgazioan". Erakunde barruan bi erronka jarri ditu Abrilek. Batetik, ingurumena babestea: "Erakunde berdeagoa izateko konpromisoa hartu behar dugu". Bestetik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko urrats gehiago egitea, "zaintza erdigunean paratuz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.