atxiloketa

Espainiaren bi estradizio eskaera eta euroagindu bat jakinarazi dizkiote Urrutikoetxeari

Prokuradoreak La Sante espetxera bidali du, eta epaileak datorren asteazkenean hartuko du, Madrilen eskaerak direla medio aske utzi ala ez erabakitzeko. Grande-Marlaska Barne ministroa seguru agertu da Espainiaratu egingo duela Frantziak. Egoitz Urrutikoetxeak uste du Parisko Dei Auzitegiaren deliberoaren ondoren Frantzian "goi mailan" erabaki zutela "Justizia erabaki bat ez onartzea eta zangopilatzea", bere aita atxilotuta.

La Santeko espetxe ataria, atzo. JULIEN DE ROSA, EFE
Ekhi Erremundegi Beloki - Enekoitz Esnaola
2019ko ekainaren 20a
07:20
Entzun

Josu Urrutikoetxea gaur arratsaldean eraman dute Frantziako Dei Auzitegi prokuradorearen aurrera, eta honek Espainiaren bi estradizio eskaera direla jakinarazi dio. ETAren 1980ko eta 1987ko hilketa batzuengatik egin ditu eskaera horiek Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horiez gain, auzitegi beraren euroagindu eskaera bat ere badela esan dio fiskalak, gizateriaren kontrako krimenengatik. Prokuradoreak Parisko La Sante presondegira bidali du, eta epaileak hilaren 26an hartuko du, datorren asteazkenean. Epaileak erabaki beharko du hiru auzien prozedura den bitartean preso atxiki ala ez.

1980ko hilketa, Gasteizen gertatu zen: Michelin lantokiko arduradun Luis Maria Hergueta hil zuen ETAk, eta han parte hartzea egozten diote Urrutikoetxeari. 1987koa, berriz, Zaragozan (Espainia) jazo zen: Guardia Zibilaren kuartel baten aurka bonba-autoa lehertu zuen ETAk, eta 11 lagun hil zituen; atentatua agindu izana leporatzen diote hari. 1980ko eta 1987ko kasuak euroagindua 1993an indarrean jarri aurrekoak izateagatik eskatu dituzte bi horietan estradizioak.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak esan du "inolako dudarik" ez daukala Frantziak Espainiaratu egingo duela Urrutikoetxea, egozten dizkioten auziengatik epaitu dezaten. Ministroak bi estatuen arteko "konfiantza eta aitortza" nabarmendu du, Avilan (Espainia), Espainiako Poliziaren eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren ekitaldi batean.

Auzitegi Nazionalak 2002an deitu zuen deklaratzera 1987ko atentatu haregatik, eta Urrutikoetxea ez zen azaldu. Bilatze eta atxilotu agindua eman zuten orduan. Haren seme Egoitz Urrutikoetxeak pasa den ostiralean AFP Frantziako berri agentzian adierazi zuen bere aitak ez zuela zerikusirik izan ekintza militar harekin. "Nire aita [Parisen] 1990ean ETAren nazioarteko eta talde politikoko arduradun bezala zigortu zuten, sekula ez talde militarreko moduan". Zigorra bete zuenean, Frantziak 1996an Espainiaratu egin zuen —1989an atzeman zuten—, eta Madrilek 2000ra arte badaezpadako kartzelaldian eduki zuen. Auzibide berrien saio guztiak antzuak gertatu ondotik eta Frantziaren kondenako akusazioagatik berriro ezin zutelako epaitu, aske utzi zuen epaileak, kargurik gabe. 

Atzo eguerdian Parisko Dei Auzitegiak atzo deliberatu zuen Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uztea, baina Espainiaren euroagindu eskaera bat zela-eta arratsean atzeman egin zuten, La Sante espetxean zela artean. Dei Auzitegiko fiskal nagusi Catherine Champrenaultek libre uzteko erabakiaren aurkako kasazio helegitea aurkeztu du gaur.

Kartzelatik Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzara eraman zuten Urrutikoetxea —Levallois Perret herrian dago egoitza, Parisko periferian—, haren semeak azaldu duenez. Gaur goizean auzitegira eraman dute, eta arratsalde hastapenean pasatu dute prokuradorearen aurretik. 

Egoitz Urrutikoetxearen azterketa atxiloketaz

Egoitz Urrutikoetxeak Euskal Irratietan goizean adierazi du atzo arratsaldeko atxiloketaren atzean Frantziako Gobernuko Defentsa edo Justizia Ministerioaren "mugimendu batzuk" egon daitezkeela; azterketa hori egin ziola atzo gauean familiari epaile batek, eta, hala, uste dute "preso segi dezan, goi mailan" hartutako erabaki bat izan dela. Presoaren semeak esan du Dei Auzitegiaren erabakiaren ondotik Frantziak erabaki zuela "Justizia erabaki bat ez onartzea eta zangopilatzea". Gogoratu du fiskalak Dei Auzitegiko saioan galdegin zuela aske ez uzteko, baina epaileek kontrakoa deliberatu zutela, defentsari arrazoia emanda, eta fiskala gobernuaren menpeko organu bat dela.

Egoitz Urrutikoetxearen esanetan, euskal presoak, herenegun, datorren uztailaren 10erako deialdi baten berri jaso zuen, Espainiaren atxilotze eskaerari bati buruzkoa, eta azaldu du Dei Auzitegiak hartu zuen erabakiaren ondotik jakinarazpen hori aurreratzea erabaki zutela eta horregatik atzeman zutela berriro. "Prokuradoreek zuzen-kontrako prozedura bat martxan jarri dute aita presondegitik atera ez dadin. Uztailaren 10ean aztertzekoa zen Espainiak igorri atxilotze agindua, baina prokuradoreek aitzinatu dute hori, epaileek deliberoa eman dutenean. Aski harrigarria da gertatu dena". Espainiak Frantziari egindako "presioak" salatu ditu, halaber.

Egoitz Urrutikoetxeak berak jaso zuen atzo arratsaldean, Parisen La Sante espetxe aurrean zirela, DGSI Poliziaren telefono dei bat, jakinaraziz aita atzeman berri zutela aipatutako eskaera dela medio.

Atzo, epaileen erabakiaren ostean eta atxilotze aginduaren aurretik, AVT eta Covite ETAren biktimen elkarteek esan zuten "harrituta" zeudela Urrutikoetxea aske uztearekin eta "frantziar autoritateei azalpenak" eskatu zizkietela. Elkarte haiek batez ere Justizia Ministerioarekin dute harremana.

Egoitz Urrutikoetxeak azaldu du Dei Auzitegiak baldintzapean aske uzteko erabakian kontuan hartu zituela zuzenbidea, bere aitaren osasun egoera —premiazko ebakuntza baten zain dago—, defentsak eskainitako bermeak —kasurako, Louis Joinet legelariak proposatu zuen Urrutikoetxea bere etxean hartzea– eta Euskal Herriko egoera politiko berria. Dei Auzitegiaren erabakiaren berri izan ondoren, adierazi zuen Frantziak "biziki mezu argia" eman ziola Espainiari euskal gatazkaren ondorioen konponbiderako, eta garratzitsutzat zuen epaileek "egoera politikoa ere aintzat" hartzea. 

Frantziak 2010ean zazpi urteko espetxe zigorra jarri zion Josu Urrutikoetxeari, ETAko zuzendaritzako kidea izan zela egotzita. 2017an, zortzi urtekoa ezarri zion, 2011-2013an Oslon, elkarrizketa saioan, ETAren egiturako kidea izan zelakoan. Bi epaiketa horiek izan zirenean Urrutikoetxea sasian zen. Joan den maiatzaren 16an Frantziako Alpeetan atzeman ondotik, berriro epaitzeko eskatu zuen, eta hala egingo dute. Atzo zuen 2010eko kondenagatik lehen epaiketa, baina defentsak baldintzapeko askatasuna eskatu zuen, mamian sartu gabe. 2017koaz, hilaren 28an izango da epaiketa.

Bakegileak: "Onartezina da"

ETA desagertu ondorengo testuinguruan, "onartezina da" Urrutikoetxea espetxeratzea, Bakegileen esanetan. "Espainiako zein Frantziako estatuek ez dute azken zortzi urteotan gizarte zibilak bultzaturiko lana kontuan hartzen. Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegiak erabaki zuen bezala, kontrol judizialpean libratzea galdegiten dugu".

Gogorarazi duenez, joan den ekainaren 7an eta 8an "milaka" herritar bildu ziren Miarritzen (Lapurdi) Frantziako Estatuari —eta, "zehazkiago, presidenteari"— bake prozesuaren aldeko "inplikazioa" exijitzeko. Bakegileek bake iraunkor baten aldeko engaiamendua berretsi dute, "denen arteko elkarbizitza eraiki" nahi dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.