Espainiari «mezu argi bat», hirugarren aldiz gutxienez

Egoitz Urrutikoetxeak dio garrantzitsua dela Parisek «egoera politikoa ere aintzat» hartzea. Aurrekari izan ziren armagabetzea eta presoak

Egoitz Urrutikoetxea, atzo, Parisen, Dei Auzitegiaren erabakiaren ostean hedabideen aurrean hizketan.
Egoitz Urrutikoetxea, atzo, Parisen, Dei Auzitegiaren erabakiaren ostean hedabideen aurrean hizketan. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2019ko ekainak 20

Parisko Dei Auzitegiko epaileen erabakia jakin ondoren —eta Espainiaren euroagindu eskaera dela-eta arratsaldeko atxikitzearen aurretik—, Josu Urrutikoetxearen seme Egoitzek auzitegiko pasilloetan hedabideen aurrean adierazi du euskal gatazkaren ondorioak konpontze aldera «Espainiako Estatuari emandako biziki mezu argi bat» izan dela aita aske uztea. Ez da izan Parisek Madrili azkeneko bi urteetan emandako horrelako lehendabiziko mezua.

Aurreneko mezu argitzat jo zen ETAren armagabetze prozesuaren bukaera aldera Parisek «inplikazio tazitua» eduki izana, Mixel Berhokoirigoin bakegileak definitu izan duen moduan. Antzeko iritzi gehiago izan zen askotariko eragileen partetik. Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak ohar esanguratsu bat plazaratu zuen armagabetze egunean (2017-4-8); «ongietorria» eman zion desarmatzeari. Espainiako Estatua eginahalak egiten aritu zen orduan ere garaileen eta garaituen eskemaren alde, baina Parisek auzi hartan ikusle izatera behartu zuten azkenik.

Armagabetze eredu haren ondoren sortu zen, euskal presoen auzia konponbidean jartzeko xedez, Frantziako Justizia Ministerioaren eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren arteko mahaia. Parisek berak ere jendaurrean aitortu izan du mahaiaren eraketa. Eta, legediari segituz, egon da urratsik joan den urteko otsailetik hona: euskal presoen 26 gerturatze; horietako azken-aurrekoa —Mikel Karrerarena— epaileek hala aginduta. Madril euskal presoen aferan erabat itxita zegoenenean hasi zen mugitzen Paris.

Eta, orain, Josu Urrutikoetxearen baldintzapeko askatasunaren erabakia iritsi da. Duela hilabete bat, Frantziako Poliziak hura atzeman zuenean, Espainiako Estatuko sektore askok berriz ere terrorismoaren ikurtzat jo zuten Urrutikoetxea, eta ospatu zuten atxiloketa. Egoitz Urrutikoetxearen esanetan, epaileek «zuzenbideari loturiko» erabakia hartu dute. «Horrek erakusten du legea ezarriz badela manera oraindik ere katramilatua dagoen egoera bati erantzuna emateko eta legeen barnean urratsak egiteko».

Era berean, Egoitz Urrutikoetxeak esan du bere ustez epaileek «aintzat» hartu dutela «egoera politikoa ere», eta hori «inportantea» dela. «Perspektiba berriak» ireki beharko liratekeela deritzo, Madrilek, «behingoz, herriaren hitza errespeta dezan, gatazkaren ondorioen konponbidean urratsak egin ditzan eta iraganean gertatutakoa berriro errepika ez dadin urrats sendoak egiteko bidean koka dadin». Hori da, haren iritziz, egin ahal den «gauzarik hoberena, kaltetuak izan diren alde biei begira». Etorkizunera so egiteko galdegin du. Halaber, «termino demokratikoetan eta heldutasunez, gatazkaren iturburuan dauden korapiloak behingoz askatzera» dei egin du.

Erabaki «ulergaitza»

EH Bilduk eta EH Baik ongi hartu zuten lehen unean epaileen erabakia. Haien arabera, Josu Urrutikoetxeak «rol aktibo bat» izan duelako «azkeneko urteetan eraikitako bake prozesuan». Ordu gutxiren buruan bidali zuten, ordea, bigarren ohar bat, Euroagindu eskaera batengatik berriro atxilotu izana erabaki «guztiz ulergaitza» dela salatuz: «Atxiloketa honek ez du bat egiten Euskal Herrian bizi dugun bake prozesuarekin ez eta orain dela ordu batzuk hartutako erabakiarekin. Erabaki politiko honek frogatzen digu oraindik ere badela gatazka eta bere konponbidea etekin politikoa erdiesteko helburua dutenik».

Urrutikoetxea atxiki egin dute, dei auzitegiak aske uztea erabaki ostean

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna