Tortura

Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu du torturaren biktimak "aitortzea"

Talde guztiek onartu dute Elkarrekin Podemosen proposamena, datorren urteko ekainaren 26an NBEren Torturaren biktimei laguntzeko Nazioarteko Egunarekin bat egiteko.

Sindikatuetako eta Foro Sozialeko ordezkariak Eusko Legebiltzarraren atarian, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 20a
15:08
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Torturaren biktimei laguntzeko Nazioarteko Eguna ospatuko du 2020ko ekainaren 26an, NBEren ekimenarekin bat eginez. Gaur onartu duten legez besteko proposamenaren arabera, "helburua da biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea eta giza eskubideen urraketa larri horrek eragindako bidegabekeriak salatzea". Elkarrekin Podemosek aurkeztu du proposamena, eta testuan zehaztu dute "oroitza egintzen ikuspegia eta edukia talde parlamentarioekin ahalik eta adostasun handiena bultzatuz" erabakiko dituztela. Horren isla izan da gaurko bozketa: talde guztiek onartu dute legez besteko proposamena.

Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusi Jonan Fernandezen hitzetan, "mugarri" bat da gaurko erabakia "normalizazioaren" bidean. Fernandezek azaldu du, "ahalik eta adostasun zabalena" lortzeko, denboraz antolatu nahi dituztela ekainaren 26ko ekitaldiak.

Elkarrekin Podemoseko Pili Zabalak azaldu du proposamena ez datorrela "inoren kontra" egitera, eta eskatu du ez "gutxiesteko" torturak Euskal Herrian ekarri duena. EAJko IƱigo Iturrateren hitzetan, "ezinezkoa" zirudiena lortu dute gaur. "Sektarismoa" bazter uzteko eskatu du PSEko Rafaela Romerok, aitortza ekitaldiak "benetakoak" izan daitezen.

EH Bilduk PPren "hipokrisia" salatu du

Azkenean adostasuna gailendu arren, PPren eta EH Bilduren artean egon da eztabaidarik. Carmelo Barriok esan du "konfiantza erabatekoa" dutela Espainiako poliziengan, eta ziurtatu du "propaganda eta deskalifikazio estrategiak" izan direla haien aurka. EH Bilduko Julen Arzuagarentzat, "hipokrita" da PPren jarrera, "dena nahasten duelako ezer ez aitortzeko", eta oroitarazi du berak ez duela gertatutako indarkeria ekintzarik ukatzen.

Bozketen ondoren, Eneko Compainsek hartu du hitza torturatu talde baten izenean, Egiari Zor fundazioak babestuta. Baikor agertu da legebiltzarrak hartutako erabakiarekin, baina kritikatu du proposamenean ez dutela aitortu tortura "sistematikoa" izan zela. Gainera, Compainsek nabarmendu du Espainian gobernatu duten alderdiek ez dutela beren ardura aitortu. EAJri ere oroitarazi dio hori, Ertzaintzak atxilotutako 300 lagunek baino gehiagok torturatu egin zituztela jasotzen baitu Eusko Jaurlaritzak berak eskatuta Paco Etxeberriaren taldeak egindako ikerketak.

Alderdi politikoena ez ezik, sindikatuen babesa ere jaso du gaurko proposamenak. Foro Sozialak jakinarazi duenez, Eusko Legebiltzarrean izan dira ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde.ko ordezkariak. CNTk eta CGTk ere bat egin dute ekimenarekin, baina ezin izan dira legebiltzarrean egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.