Euskal presoak

Sindikatuen jokabidea txalotu dute Sare eta Etxerat elkarteek

Hilero bezala, elkarretaratzea egin dute sindikatu guztiek Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean, Konponbide garaia da, orain presoak lelopean.

Sindikatuetako kideak, Etxerat-en argimutilak eskuan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko ekainaren 21a
10:48
Entzun

Ekaineko elkarretaratzea berezia suertatu da, oraingoan Etxerat eta Sareko kideak ere han egon direlako. Bi elkarteetako kideek goraipatu egin dute sindikatuek lorturiko "adostasuna" eta "desberdintasunak alde batera utzita, giza eskubideen inguruko eskakizun baten alde batzeko gaitasuna" eduki izana. Etxerat-eko kideek euskal presoen egoerari buruzko txostena eta elkartearen ikur den argimutil bana eman diete sindikatuen ordezkariei –ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde–.

Etxerat-eko Urtzi Errazkinek, sindikatuen jarrera goraipatzeaz gain, gogora ekarri du Joxe Anjel Otxoa de Eribe preso arabarraren afera: gaixotasun larria du, eta, horren ondorioz, berriki hirugarren gradua eman diote. Errazkinek esan du "pozgarria" dela hori, baina gogorarazi du presoak libre beharko lukeela bere gaixotasunerako arta egokia jaso ahal izateko, eta beste hogei bat preso daudela antzeko egoeran.

Aitor Esnaola presoaren afera ere aipatu dute Errazkinek eta Sareko eledun Joseba Azkarragak. Aitaren heriotza dela eta, haren hiletara joateko baimena eman zion epaileak, baina hara iritsi zirenean, Ertzaintzak bost orduz eduki zuen auto barruan, eskuak lotura, eta azken bost minutuan baino ez zioten utzi senideekin egoten. "Gizatasun falta" salatu dute Errazkinek eta Azkarragak.

Josu Urrutikoetxearen auziaz, Azkarragak nabarmendu du ETAk 1987an Zaragozan egindako atentatuaz –hura agindu izana egotzi nahi diote orain Urrutikoetxeari– badagoela jadanik epaia, eta bere garaian zigorrak ere ezarri zituztela. "Orain auzia zabaldu nahi izateak soilki Urrutikoetxea auzipetu ahal izateko badu mendekuaren itxura", esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.