Euskal presoak

Lasagabaster eta Uranga euskal presoen alabak hiru urte beteko ditu laster, eta Euskal Herrira ekarriko dute

Xua gurasoekin etxera ekimena jarri dute abian bi euskal presoen senide eta lagunek, gurasoak ere haurrarekin batera aska ditzatela eskatzeko. Gogorarazi dute biek beteak dituztela zigorraren hiru laurdenak.

'Xua gurasoekin etxera' ekimena aurkztu dute Usurbilen. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 22a
07:36
Entzun

Picassenten, Valentzian, jaio zen Xua 2017an, eta han bizi da Olatz Lasagabaster amarekin. Baina haurrak hiru urte beteko ditu urtarrilean eta Euskal Herrira ekarriko dute orduan. Bakarrik. Amak Picassenteko espetxean jarraituko du preso, eta baita Patxi Urangak ere. Bihar beteko dira hamar urte kartzelaratu zituztenetik, baina ezarritako hamabi urteetatik hiru laurdenak beteak izan arren, preso jarraitzen dute.

Horiek hala, Usurbil eta Orioko lagun eta senideek Xua gurasoekin etxera jarri dute abian, haurrari ez ezik gurasoei ere legea aplikatu eta hirurak elkarrekin etxera itzuli ahal izan daitezen. "Xua etxera etorriko da behin-betiko. Baina berri zoragarria behar lukeena ez da hala. Gurasoek ere etxera etorri behar lukete alabarekin batera. Zergatik ez eurekin ere legea bete?".

Hala, haurra gurasoekin etxeratzeko helburuarekin hainbat ekimen jarri dituzte abian haien senide eta lagunek. Besteak beste, familiaren egoera azaltzen duen aldizkaria banatuko dute Usurlbil eta Orioko herritarren artean. Horretaz gain, sinadura bilketa bat ere abaituko dute eta baita mozio bana aurkeztu ere bi udaletan.

ETAko kideak izatea eta lehergailuak gordetzea leporatuta atxilotu zituzten Lasagabaster eta Uranga, 2009an. Inkomunikatuta egon ziren tartean tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten biek.

"Korapiloak askatzeko unea"

Gorrotoa atzean utzi eta "korapiloak askatzeko unea" dela nabarmendu dute Sare plataformako kideek Iruñean eginiko agerraldian. Bertan iragarri dute udazkenean ekimen berriak aurkeztuko dituztela "gatazkari irtenbide osatua eta adostua" aurkitzeko lanean aurrera egiten jaraitzeko. "Ez dago arazoirik salbuespen egoerari eusteko. Sakabanaketa amaitu beharra dago, eta euskal presoei ere espetxe onurak eskuratzeko aukera eskaini behar zaie".

Bestalde, 11/13 sumarioaren baitan irailean epaitu behar dituzten 47 euskal herritarrei babesa agertu diete Jaiki Hadi elkarteko kideek. Izan ere, auzipetuen artean daude Fernando Arburua eta Oihane Barrios Jaiki Hadiko kideak. "Gu ere auzipetuak izan gintezke. Finean, sumario honen helburua da gurearen gisako erakundeek egiten duten lana kriminalizatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.