Protestak Txekiar Errepublikan

1989tik Pragan izan den manifestazio handiena egin dute

T-Mobile telekomunikazio konpainiak sarearen erabilera aztertuz 258.000 pertsona egon zirela jakinarazi du.

Pragan igandean egin zuten manifestazio erraldoiaren irudia. MARTIN DIVISEK, EFE
2019ko ekainaren 24a
07:18
Entzun

Komunismoa erori zenetik Pragan egin den manifestazio handiena izan zen atzo Letna parkean milaka eta milaka herritarrek egin zutena. 250.000 pertsona inguruk eskatu zuten Andrej Babis lehen ministroaren dimisioa, interes gatazka eta iruzur auzi batean nahastuta dagoelako. 1989an 800.000 herritar bildu ziren leku horretan sistema komunistaren aurka, eta atzokoa antolatu zutenek harrezkero izan den protestarik handiena izatea jarri zuten helburu. Baita lortu ere.

Antolatzaileen arabera 250.000 izan ziren manifestariak. Poliziak ez zituen daturik eman nahi izan. Baina horrelakoetan izaten den datu gora-beheren gainetik, beste kontaketa batek eman du protestaren neurria. T-Mobile telekomunikazio konpainiak ordu horretan Letnan egon zen sarearen erabilera aztertu du eta horren arabera 258.000 ziren protetagileak.

Demokraziarako Milioi Bat Une mugimenduak deitu zuen protestara, eta hainbat kantari, enpresari, kirolari eta idazlek egin zuten bat protestarekin. Babisen dimisioaz gain, Marie Benesova Justizia ministroarena ere eskatu zuten, lehen ministroa babestu duelakoan.

Aberats bat lehen ministro

Babisek 64 urte ditu eta Txekiar Errepublikako bigarren pertsona aberatsena da; 3.500 milioi euro dituela kalkulatzen da. ANO Herritar Haserretuen Aliantza da bere alderdia eta CSSD sozialdemokratekin gobernatzen du, gutxiegoan. Babisi leporatzen diote Europar Batzordearen enpresa txikiak laguntzeko programa batetik bi milioi euro berea izan zen enpresetako batentzat hartzea. Lehen ministro izan aurretik, Babis Agrofert agroelikadura kontsorzioaren jabe zen, eta enpresa horrek diru-laguntza jaso zuenean kontsortzioan ez bazegoen ere, aurretik egon zen eta jaso ondoren itzuli egin zen. Babisek dio salaketa hori Txekiar Errepublikaren kontrako eraso bat dela.

Auzi horren ondorioz, akusatuen aulkian eser liteke lehen ministroa. Bere kontrako protestak astero egiten dituzte, eta uda ondorenerako gehiago deitu dute. Esanguratsua da Belusaren Iraultzaren 30. urteurrenean egingo dutena. "Demokraziaren oinarriak urratzen badira, abuztuan hemen egongo garela ziurtatu behar dugu", esan zuen atzoko manifestazioaren antolatzaileetako batek. "Erne egon behar dugu", gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.