Epaiketa

Uztailaren 5erako manifestaziora deitu dute Iruñean 11/13ko auzipetuek

Irailaren 16an hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nagusian. 47 auzipetutatik 11 dira nafarrak, eta fiskalak 601 urtera arteko kartzela zigorra eskatu du haientzat.

11/13 auziko auzipetuak, gaur, Iruñeako prentsaurrekoan. BERRIA
2019ko ekainaren 24a
17:41
Entzun

"Presoak artatzea eta epaitegietan defendatzea izan da egin duguna. Horregatik eskatzen digute astakeria hau", azaldu du Amaia Izko abokatu eta auzipetuak. Herrira plataformaren, Etxerat-en, eta euskal presoen abokatu, mediku eta psikologoen aurkako auzia da 11/13 sumarioarena.

47 auzipetu dira guztira, eta horietatik 11 dira Nafarrak, besteak beste, Oihana Barrios psikologoa eta Izko bera daude auzipetuta. 11 eta 20 urtera arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu fiskalak haientzat, baina Izkok ohartarazi du "datuez harago, epaitzen den horretan" jarri behar dela arreta. Izan ere, abokatuak nabarmendu duenez, "euskal presoen eskubideen alde" egiteagatik epaituko dituzte. "Berriz egingo nuke", azpimarratu du Imanol Karrera Nafarroako LABeko bozeramaile eta auzipetuak.

Burgoen plazatik abiatuko da mobilizazioa, uztailaren 5an, 19:00tan. Herritarrei dei egin diete bat egiteko manifestazioarekin: "Epaiketarekin suminduta daudenei eta babesa adierazi digutenei eskatzen diegu bat egiteko, epaiketarekin ados ez gaudela adierazteko eta erakusteko egin dugunarekin harro gaudela".

AEMren salaketa

Bestalde, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu du Dani Pastor euskal presoaren alde egindako ekintzak "boikoteatu" dizkietela Bilboko Errekalde auzoan. Zehazki, auzoko Txoria konpartsari egozten diote bat ez egitea Pastorren alde antolatutako egitasmoekin: "Jaietako barikurako gure programazioa aurkeztu dugunean, berriro jasan dugu boikot saiakera Txoriak konpartsaren aldetik", ohartarazi dute. Salatu dute, beraz, jai eremuan ez dutela aukerarik izango Pastorren aldeko ekintzarik egiteko: "Zuzenean eskatu dute auzoko amnistiaren aldeko mugimenduaren edozein ekimen debekatzea, berriro ere jai batzordearen babesa eskatuz".

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.