nafarroa

PSNk gobernu programarako zirriborroa aurkeztu die Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrari

Geroa Baik eta Ahal Dugu-k uste dute PSNren proposamenak aintzat hartzen duela aldaketak 2015ean hasitako bidea.

PSNko, Gero Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariak, astelehen arratsalde honetan, parlamentuan. ION ORZAIZ
2019ko ekainaren 24a
07:13
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Mahaia aukeratu eta gero sortu diren konfiantza izpiak zabaltzen saiatuko dira PSNko kideak datozen egunetan. Astelehen arratsalde honetan parlamentuan bertan bilera egin dute Nafarroako sozialistek, gobernu programa aurkezteko, eta horrekin gobernua osatzeko babesak lortzen saiatzeko.

Geroa Baiko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako ordezkariekin egin dute bilera. Ordu erdi eskas iraun du. Alderdi horiek bilera honetan izan dute dokumentuaren lehen berria. PSNko Ramon Alzorrizek hartu-emanaren balorazio positiboa egin du: "Motza, baina interesgarria izan da bilera. Borondatea sumatu dugu".

Geroa Baik esana zuen itun programatiko bat adostea nahiago zuela, baina PSNko ordezkariek gobernu akordio bat egiteko dokumentu bat aurkeztu diete gainerako hiru alderdiei. Alzorrizek erantsi du beren esku dagoen guztia egingo dutela "gobernu aurrerakoi bat lotzeko" Nafarroan, eta dokumentu "posibilista" bat aurkeztu dutela gaur. Dokumentu "mamitsua" dela eta beste alderdien eskakizunak biltzen saiatu direla ere adierazi du.

Aste honen bukaeran beste bilera bat egingo dute, dokumentuaren gainean eztabaidatzen jarraitzeko.

Koldo Martinez Geroa Baiko ordezkariak azaldu du lau puntuko dokumentu bat aurkeztu duela PSNk. Sarrera, "politika aurrerakoi eta orokorrak", zehaztasun sektorialak eta taldeentzako bide orria jasotzen ditu, atalez atal. Puntu horietako batzuetan PSNrekin bat egiten duela azaldu du. "Gure eskaera batzuk jaso dituzte, eta laukoaren puntu batzuk ere bai. Orain arteko politiketan sakondu nahi dutela dirudi, eta sentsazio ona eman digute".

PSNk laukoaren ildo batzuei jarraipena eman nahi dien itxura hartu dio, beraz, Geroa Baik, eta oso baikortzat jo du hori Martinezek. Desadostasunak sortuko direla zalantzarik ez du egin, baina horiek kudeatzeko prest agertu da.

Mikel Buil Ahal Dugu-koa ere baikor agertu da. Uste du 2015eko aldaketaren gobernuak hasitako bidea aintzat hartu duela PSNk: "Gure lana izanen da proposamenak egitea eta eraikitzaileak izatea. Bilera ongi joan da. PSNren proposamenaren oinarria 2015eko itun programatikoa da, eta hor ikusten da errespetu bat".

Marisa de Simon Ezkerrakoak esplikatu du zirriborroa ez dela itun programatiko bat, baina Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak euren programetan jasotako proposamen batzuk biltzen dituela. "Gobernu alternatibo bat" osatzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela zehaztu du: "Baita EH Bilduko kideekin hitz egitea ere, haien babesa beharrezkoa izanen baita". Gogorarazi du eguneroko praktika parlamentarioan ohikoa eta gauza normalizatua dela EH Bildurekin negoziatzea, eta Ezkerrak ez duela hori egiteko inoren baimenik behar.

Bestalde, bihar asteartea bilduko da lehen aldiz Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.