Nagore Laffageri buruzko filma libre ikusteko moduan izango da uztaileko lehen hamabostaldian

2019ko ekainaren 25a
14:21
Entzun

Helena Taberna Nagore filmaren zuzendariak adierazi du sanfermin garaian proiekzio publikoetarako aukera erraztu nahi duela, Nagore Laffageren kasuari buruz eta 2016ko sanferminetako talde bortxaketari buruz hausnartzeko, eta uztaileko lehen hamabostaldian, horregatik, filma libre ikusteko moduan izango da sarean. Nagore Laffage Erizaintza ikaslearen hilketa bortitza da Nagore filmaren ardatza. Jose Diego Yllanes psikiatrak hil zuen, 2008ko sanferminetan. Asun Casasola Laffageren ama da filmeko hari nagusia.

Filmaren webgunean honela aurkezten dute Helena Taberna zuzendariaren lana: "Film luze honek biktimaren familiakoen zein lagunen testigantzak jasotzen ditu, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere: fiskala, alde bietako abokatuak eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariak, besteak beste. Horrez gain, filmak artxibo-material interesgarria ere biltzen du, krimenaren berreraiketaren irudiak, eta baita epaiketaren atal ezberdinak ere. Espainia osoko hedabide ugarik zuzenean jarraitu zuten epaiketa".

Aurtengo sanferminak baino egun batzuk lehenago argitu da 2016ko jaietan emakume batek jasan zuen talde bortxaketaren auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak zuzendu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia, zeinean sexu abusutzat jo baitzuten gertatutakoa. Gorenak sexu eraso gisa jo du gertatutakoa, eta ebatzi du "bortxaketa jarraitua" izan zela. 15 eta 17 urte arteko kartzelaldia ezarri die bost akusatuei.

Taberna zuzendariak adierazi du Laffageren kasuaren eta 2016ko talde bortxaketaren gaineko hausnarketa sustatzeko jarriko dutela Nagore filma libre ikusteko moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.