Pello Urizar

"Nire zikloa amaitu da, baina ez EArena"

Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi izateari utzi dio, hamar urteren ondoren. Euskal Herrian bide demokratikoak gailendu izana aipatu du, eta uste du EH Bildu egonkortutako errealitate bat dela. "Ardura guztietan eraberritzeak" ematearen alde azaldu da. Uztailaren 4an hautatuko dute EAko jarduneko idazkari nagusia; ondoren, primarioak. Bihar, Urizarren elkarrizketa BERRIAn.

Pello Urizar, gaur, Donostian emandako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO, FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 25a
07:15
Entzun

Utzi egin du EAko idazkari nagusiaren postua Pello Urizarrek, eta gaur eguerdian eman ditu hedabideen aurrean arrazoiak, Donostian, alderdiaren egoitzan prentsaurreko bat emanda. "Beti pentsatu izan dut eginkizun guztietan zikloak daudela eta osasuntsua dela ardura guztietan eraberritzeak egitea", adierazi du, hasieran. "Niri dagokidanez, ziklo baten amaiera heldu da gaur, baina ez Eusko Alkartasunaren ibilbide politikoarena. Alderdiari osasuna, abertzaletasunari batasuna, eta aberriari oinarri politiko berriak ezartzen eman dut nire onena. Garai berria irekitzen den honetan, jende, ikusmolde eta bizipen freskoak behar direla sinetsita nago".

EAren azkeneko kongresuan –2017an– zuzendaritza ofizialarekiko ildo kritiko bat egon zen, eta Urizarrek hamalau botogatik lortu zuen irabaztea, baina esan du ez duela barne ikuspuntu desberdinengatik utzi kargua. Berriro azaldu du bukatu dela bere zikloa. Aurki utziko du EAEko legebiltzarkide aulkia –2012tik da–, eta irailean bere kooperatiban hasiko da lanean.

Gogoratu du berak EAko arduradun kargua hartu zuenean –2009ko ekainean–, artean ETAren indarkeria zegoela, eta hor eman dela aurrerapausoetako bat, Euskal Herrian soilik bide demokratikoak gailenduta. "Lortu dugu ETAren armak behin betiko desagertzea". Dena dela, aitortu du hasieran "bertigoa" sentitu zuela ezker abertzale oifizialarekin 2010eko ekainean elkarlanerako akordioa sinatu zuenean. "Baina zailtasunak ez gaitu inoiz beldurtu". (EH) Bildu sortu izana nabarnendu du, "indar subranisten metaketa" izan dela argudiatuta, uste du egun egonkortutako egitasmo bat dela, eta orain jende berria behar dela horri bultzada ematen segitzeko. "Gure bihotz eta eta buruak jarri ditugu ezberdinen arteko mugimendu zabal eta soberanista sortzen. Gaur EH Bildu den errealitate politiko eta soziala egonkortuta, esku berrien beharra dago, horregatik lehen lerrotik erretiratzen naiz".

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian emandako pausoak ere azpimarratu ditu, uste du lortu duela "justizia soziala eta bizitza duina erdigunean", eta autodeterminazio eskubidea Europan agendan badela ere adierazi du. "Pozik erretiratzen naiz. Orainidik lanketa behar dute, baina hori hurrengo belaunaldiari dagokio".

Urizarrek (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) esan du uzteko erabakia ez duela hartu egun jakin batean; hauteskunde ziklo bat egon dela, azkeneko urte eta erdian hor "zentratuta" egon dela, eta orain egokitu dela berak EAko ardura uztea. "Militantzia soilera itzultzeko garaia heldu zait, Idazkaritza Nagusia hartu aurretik ere 23 urtetan egin nuen moduan. Euskal Herri aske eta justua eraikitzeko aukera asko dauzkagu inguruan, eta ziur nago bat egingo dugula bidean".

Uztailaren 4an hautatuko du EAk jarduneko burua

EAk uztailaren 4an egingo du ezohiko Nazio Batzarra, jarduneko idazkari nagusia aukeratzeko, eta ondoren hasiko du primarioen prozesua, Iker Ruiz de Egino alderdiko eledunak Europa Press berri agentziari adierazi dionez. Edozein afiliatuk aurkeztu ahal izango du bere hautagaitza uztailaren 4ko hitzordurako. Biltzar horren ostean hauteskunde batzorde bat eratuko dute EAn, eta bi hilabeteko epea luke primarioen prozesua deitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.