EAE-ko aurrekontuak

PPk presio fiskala murriztearekin lotu du aurrekontuen negoziazioa

Elkarrekin Podemosek neurri zehatzagoak eskatu ditu. Horien artean, gizarte desberdintasunei aurre egiteko politika eraldatzaileak.

Anton Danborenea PPko legebiltzarkidea eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR, EFE
2019ko ekainaren 26a
07:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaur hasi du 2020ko aurrekontuak negoziatzeko bilera sorta oposizioko alderdiekin. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bildu da gaur goizean. EH Bildurekin, berriz, uztailaren 2an elkartuko da.

PP izan da Azpiazurekin biltzen lehena. Ordu eta erdi iraun du bilerak. Irteterakoan, hedabideen aurreko adierazpenak egin ditu Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak. Aurrekontuen negoziazioa zergen jaitsierarekin lotu du Danboreneak. Azaldu duenez, PFEZa murrizteko eskatu dio PPk Jaurlaritzari; "bereziki, errenta ertain eta txikien" gainekoa. "Duela bost urte PFEZa handitu zen krisi ekonomikoarengatik. Orain, egindako ahalegina herritarrei itzultzeko ordua da".

Horrez gain, Danboreneak Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du. Haren esanetan, ez da zentzuzkoa gobernua PPrekin eta Elkarrekin Podemosek edo EH Bildurekin adosteko prest egotea. "Ez da arrazoizkoa gauza bat nahi duenarekin eta kontrakoa nahi duenarekin adosteko prest egotea". PPko legebiltzarkidearen iritziz, Jaurlaritzak "ez daki zer nahi duen", eta erabaki egin beharko du aurrekontuak zein norabidetan negoziatu nahi dituen.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek, berriz, zehaztasun handiagoa eskatu dio Jaurlaritzari. Gobernuak aurrekontuen diseinurako aurkeztu dituen ildoetan, Elkarrekin Podemosentzat ere lehentasunezkoak diren erronkak jasotzen direla azaldu du Martinezek, baina, "zenbakiak" falta direla nabarmendu du.

Gabeziak ere atzeman ditu. Esaterako, eskualdeen arteko "lurralde desoreka" murrizteko neurriak falta dira Jaurlaritzaren proposamenean, koalizioaren iritziz. Baita balizko krisi ekonomiko bati aurre egiteko politika zehatzak ere. Martinezek galdera zuzena egin dio Iñigo Urkulluren gobernuari: aurrekontuetan gizarte desberdintasunak murrizteko "adabakiak" jasoko dituen ala "neurri eraldatzaileak" proposatuko dituen, desberdintasun horiek sortzen dituzten baldintzekin amaitzeko.

EAJk eta PSEk 37 ordezkari dituzte Eusko Legebiltzarrean eta, 38 dituzte oposizioko alderdiek. Horrenbestez, Jaurlaritzak nahikoa du oposizioko legebiltzarkide baten abstentzioarekin aurrekontuei bide emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.