epaiketa

Parisek urriaren 16rako finkatu du Josu Urrutikoetxearen kontrako euroaginduaren auzia

Bitartean, preso segituko du, baina defentsa abokatuek behin-behinean aske uzteko eskatuko dute gaur, eta hamabost egunen buruan hartuko du epaileak erabakia. Madrilek bi estradizio eskaera ere aurkeztuak ditu, baina gaur horiez ez dute jardun. EH Baiko eta EH Bilduko ordezkaritza izan da Parisen.

Josu Urrutikoetxea, 2000ko abuztuan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 26a
09:08
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio aretoko epaileak urriaren 16rako finkatu du Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurka Espainiako Estatuak, 2004-2007 artean gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, eskatua duen euroaginduaren auzia, baina bitartean ez du libre laga. Ia arratsaldeko laurak zirela hasi dute horri buruzko saioa, Parisen, eta bost bat minutu besterik ez du iraun. Euroagindu eskaera jakinarazi diote Urrutikoetxeari, baztertu egin du hark. Preso segituko du; La Santeko kartzelan dago egun, Frantziako hiriburuan. Dena dela, defentsa abokatuek behin-behinean libre uzteko eskatuko dute gaur arratsaldean bertan, eta hamabost egunen buruan hartuko du epaileak erabakia. Madrilek bi estradizio eskaera ere aurkeztuak ditu, baina gaur horiez ez dute jardun, eta defentsak ez daki noiz aztertuko diren Instrukzio aretoan.

Parisko Dei Auzitegiak hilaren 19an, eguerdian emandako erabaki batean, kontrol judizialpean libre utzi zuen Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950 urte) ETAko ordezkari historiko izandakoa, baina hura artean La Santen zela DGSI Poliziak atzeman egin zuen berriro, Espainiaren atxilotze eskaera bat zela medio. Lehengo ostegunean dei auzitegiko fiskalak euskal presoari azaldu zion Espainiaren bi estradizio eskaera eta euroagindu bat daudela bere aurka, eta atzera berriz ere La Santera bidali zuten, gaurko hitzordua jarrita.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAren 1980ko eta 1987ko hilketa batzuengatik aurkeztu ditu estradizio eskaerak, eta gizateriaren kontrako krimenengatik galdegin du euroagindua gauzatzea. 1980ko hilketa Gasteizen gertatu zen: Michelin lantokiko arduradun Luis Maria Hergueta hil zuen ETAk, eta han parte hartzea leporatzen diote Urrutikoetxeari. 1987koa, berriz, Zaragozan (Espainia) jazo zen: Guardia Zibilaren kuartel baten aurka bonba-autoa lehertu zuen ETAk, eta 11 lagun hil zituen; atentatua agindu izana leporatzen diote euskal presoari. 1980ko eta 1987ko kasuak euroagindua 1993an indarrean jarri aurrekoak izateagatik eskatu dituzte horietan estradizioak.

Etzi epaiketa, Oslokoaz

Urrutikoetxeak etzi epaiketa bat izango du Parisen, Auzitegi Korrekzionalean, 2011-2013an Norvegiako elkarrizketa saioan ETAko egiturako kideetakoa izatea egotzita. 2017an zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten horregatik, baina sasian zen orduan, eta aurreko maiatzaren 16an atzeman ondotik berriro epaitzeko eskatu zuen —2010eko beste zigor bategatik ere bai—.

Horrez gain, gaixotasun larri bat dela-eta ebakuntza bat egiteko du; hain zuzen, maiatzean Frantziako Alpeetan atxillotu zutenean, ebakuntza egitera zihoan.

Egoitz Urrutikoetxeak hilaren 19an esan zuen dei auzitegiak zuzenbidea jarraitzeagatik, bere aitaren osasun egoera larriagatik, defentsa abokatuak askatasun egoerarako eskainitako bermeagatik —Louis Joinet frantziar legelariak proposatu zuen bere etxean hartzea Urrutikoetxea— eta Euskal Herriko egoera politiko berria kontuan hartzeagatik erabaki zuela baldintzapeko askatasuna ematea, eta Espainiaren “presioei” eta Frantziako Gobernuaren “mugimenduei” leporatu zien ondorengo atxiloketa.

Pasa den astelehenean nazioarteko hainbat lagun ezagunek Frantziari Josu Urrutikoetxearen askatasunaren aldeko keinuak eskatu zizkioten. Michel Tubiana LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea eta Matt Carthy Sinn Feineko eurodiputatua izan ziren prentsaurrekoan, eta Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiaren bideo bat zabaldu zuten. Berriki Gerry Adams Sinn Feineko buru ohiak eta Ronnie Kasrils ETAren armagabetze garaiko Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak iritzi artikulu bat idatzi dute Le Monde-n. Atzo EELV Europako Berdeen alderdiak eskatu zuen aske uzteko. Antzeko ekinbide batzuk izan dira Frantziako Poliziak Urrutikoetxea atzeman zuenetik.

EH Baiko eta EH Bilduko ordezkaritza Parisen

EH Baik eta EH Bilduk ordezkaritza bidali dute Parisera, Josu Urrutikoetxearen aurkako auzi saiora. Xabi Larralde izan da EH Baitik, eta Maddalen Iriarte eta Afolfo Araiz EH Bildutik. Haren baldintzapeko askatasuna eskatu dute, eta nabarmendu "bake prozesuaren alde lan" egin izan duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.