Biktimak

Foro Sozialak Roberto Manrique, Rosa Lluch, Axun Lasa eta Andoni Txasko elkartuko ditu Bartzelonan

Uztailaren 1ean eta 2an egingo du topaketa, Institut Catala Internacional Per la Paul elkartearekin batera. Jatorri anitzeko indarkeriaren biktimen artean elkarrizketa esparruak sortu izanari balioa aitoru dio elkarteak.

Nekane Altzelai, Agus Hernan eta Taso Arrizabalaga. BERRIA
2019ko ekainaren 27a
13:15
Entzun

Foro Sozialak jatorri anitzeko indarkeriaren biktimak bildu ditu azken hilabeteotan, beraien arteko elkarrizketa esparruak sortzeko, eta ildo beretik lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Hala, izaera desberdineko biktimak elkartzeko beste saio bat egingo du Bartzelonan, uztailaren 1ean eta 2an. Roberto Manrique ETAren biktima, Rosa Lluch Ernest Lluch ETAk hildako politikari kataluniarraren alaba, Axun Lasa GALek hildako Joxe Antonio Lasaren arreba eta Andoni Txasko frankismoaren biktima bilduko ditu.

Horrez gain, Foro Sozialak orain arte garatutako ekintzen balorazioa ere egin du, eta goraipatu egin du Euskal Herrian biktimek izan duten jarrera. Jokabide ezohikoa eta eredugarria dela nabarmendu du. Foroaren iritziz, "bitxiak dira biktimek bake prozesuaren aldeko mezu horren garbiak ematen dituzten bake prozesuak". Horregatik, biktimak "itsasargi bat" direla ziurtatu du, eta eskertu egin du beraien "eskuzabaltasuna". "Guztiok dugu beraiengandik zerikasia: erakundeek, alderdi politikoek, eragileok eta baita gizarte zibilak ere".

Biktimen topaketak ardatz

Askotariko egitasmoan jarri dituzte abian 2018-2019 ikasturtean, baina arreta berezia ipini dute biktimen arteko solasaldietan, Entzunaz, bizikidetza eraiki dinamikan. Bartzelonakoa bederatzigarren topaketa izango da, baina aurretik egin dituzte beste zortzi. Lehena, Donostiako Emakumeen Etxean egin zuten, eta han parte hartu zuten Kristina Gete, Leire Gallastegi eta Miren Azkarate torturaren biktimek. Donostiako Miramar Jauregian antolatutako solasaldia ere aipatu dute, baita BERRIA-rekin elkarlanean Pablo Martinezi eta Etzozi Elgezabali egindakoak.

Horretaz gain, balioan jarri dituzte "mota guztietako biktimek" beren kabuz abian jarritako dinamikak. Etxerat-ek aurkeztutako manifestua eta ETAren 49 biktimek sinatutako iritzi artikulua —estatuaren biolentzia jasan zuten biktimen eskubideak aitortzeko eskatu zuten— jarri dituzte horren adibide. Foro Sozialekoek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten guztiei: "Bihotzez eskertu nahi ditugu ekarpen horiek guztiak. Inolako zalantzarik gabe diogu denak direla baliagarri aro berri bat zabaltzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.