Eusko Legebiltzarra

Polizia Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE eta PPren botoekin

Udalek udaltzainak behin-behinean kontratatzea ahalbidetuko du lege berriak, Gorenak ebatzi berri duenaren aurka. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute.

Ertzaintzaren zenbait sindikatuetako ordezkari, gaur, legebiltzarreko saioa jarraitzen. DAVID AGUILAR / EFE
Edurne Begiristain.
2019ko ekainaren 27a
15:27
Entzun

EAEko Polizia Legea onartu egin du gaur Eusko Legebiltzarrak. EAJren, PSEren eta PPren botoekin egin du aurrera arauak. Polizia Legearen bosgarren aldaketa da onartu berri dutena– 1992koa da EAEn indarrean sartu zen lehen Polizia Legea–, eta polemikoa izan da bere onarpena. Izan ere, legeak jasotzen du udalek udaltzainak kontratatu ahal izango dituztela behin-behinean, herenegun Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaiak dioenaren aurka. Gorenak asteartean ebatzi zuen gisa horretako kontratuak funtzio horretarako "legez kanpokoak" direla. Epaia irmoa da eta doktrina ezartzen du. Erabakiak eragina du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan, 600 udaltzain baino gehiago daudelako behi-behineko kontratupean.Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 175/2011 epaia oinarri hartu zuen Gorenak epaian, eta argudiatu udaltzaingoak "segurtasun indar izaera" duela, autoritatea ezartzeko beharra duela bere funtzio publikoen artean eta arrazoi horiengatik eginkizun hori funtzionarioei bakarrik dagokiela. Gorenaren epaia ez du aintzat hartu EAEko Polizia Lege berriak, eta bere 120. artikuluak bermatzen du udaltzainak aldi baterako kontratatzeko aukera.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legearen aurka bozkatu dute, eta oso kritiko azaldu dira hainbat edukiekin. Besteak beste, udaltzainak behin-behinean kontratatzea ahalbidetzea ez dute begi onez ikusi. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Gorenaren epaia gogoan hartu du, eta ohartarazi legea berriak "ondorio kaltegarriak" izango dituela. Hala,  hura indarrean sartzea atzeratzea eskatu du. Horrekin batera, legearen beste eduki batzuk ere kritikatu ditu Arzuagak, eta polizia ereduaren arazoak "soldata igoerekin" estali nahi izatea salatu du.

Elkarrekin Podemoseko eledun Lander Martinezek, berriz, kritikatu egin du lege berriak ez dituela "zuzenbide arauak" errespetatzen. Legearen edukiak Gorenaren ebazpenarekin bat egiten duen ala ez aztertu ahal izateko, bere  tramitazioa bertan behera uztearen alde agertu da Martinez.

Kritika oro baztertu dituzte talde sustzaileek. EAJtik Joseba Zorrillak azaldu du legeak "hainbat tresna" eskaintzen dizkiela udalei alternatibak bilatu ditzaten behin-behineko ordezkapen udaltzaingoak kontratatu aurretik, eta azpimarratu du aldi baterako kontratazioak soilik "salbuespenezko egoeratan" egingo direla.

Legea onartu eta berehala, Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ere azalpenak eman ditu legebiltzarrean. Esan du Gorenaren epaiak ez duela "zuzeneko eraginik" izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gatazka sortzekotan, Auzitegi Konstituzionalaren esku geratuko litzatekeela azken hitza. Hala, zehaztu du Konstituzionalak kontrakoa ebatzi bitartean, udalek udaltzainak kontratatu ahal izango dituztela behin-behinean. Nolanahi ere, zehaztu du lanpostuak finkatzea dela Jaurlaritzaren helburua, eta urrian lan eskaintza publiko bat egitea aztertzen ari dela departamendua.

Polizia eredua

Udaltzainen kontratazioaz harago, bestelako berritasunak dakartza lege berriak. Horien artean daude, batetik Ertzaintzara eta udaltzaingoetara sartzeko gehienezko adina 35 urtetik 38ra igotzea, PPk eskatzen zuen bezala, eta, bestetik, ertzain emakumezkoak lantaldearen %33 izatea —gaur egun, %12 dira—. Horretarako, arau berriak ezartzen du hautatze prozesuetan kontratatutakoetatik gutxienez %25ek emakumeak izan behar dutela. Era berean, Kontrol eta Gardentasun Batzorde bat ezartzeko beharra ezarri du legeak, hark aztertu ditzan herritarrek ertzainen eta udaltzainen jokabideaz aurkezten dituzten kexak. Horrez gain, ertzainen edo udaltzainen jardunaren ondorioz inor larri zaurituko edo hilko balitz, batzorde horrek ofizioz aztertuko luke gertatutakoa.

Lege berriak Erne eta Esan Ertzaintzaren sindikatu nagusien babesa jaso du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.