Bizkaia

Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusi izendatu dute Rementeria

 Rementeriak ziurtatu du "kalitatezko enplegua" izango dela bere gobernuaren lehentasunan. EAJren eta PSE-EEren gobernu itunak "egonkortasuna" bermatuko duela nabarmendu du.

Unai Rementeria aginte makilarekin, gaur, Gernika-Lumon, Bizkaiko ahaldun nagusi izendatu ondoren. FOKU
2019ko ekainaren 27a
06:17
Entzun

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izendatu dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Atzo itxi zuten gobernu akordioa bi alderdi horiek, eta, beraz, aldeko 32 botorekin hautatu dute Rementeria ahaldun nagusi. Rementeriak nabarmendu du EAJren eta PSE-EEren arteko itunak "egonkorasuna" emango diola Bizkaiko aldundiari. Egonkortasuna da, Rementeriaren esanetan, "etorkizuna bermatzeko tresnarik onena". EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere beren hautagaiak aurkeztu dituzte Rementeriaren gobernu ereduarekiko alternatiba irudikatzeko.

Goizean egin duen hitzaldian azaldu duenez, Rementeriak "hirugarren iraultza" bultzatu nahi du Bizkaian, industria iraultzari eta Guggenheim Museoak herrialdean eragin zuen aldaketari segida emango diona. Iraultza horrek enplegu sustapena izan behar du ardatz, Rementeriaren arabera. EAJko hautagaiak ziurtatu du "kalitatezko enplegua" sortzea izango dela foru gobernu berriaren lehentasuna.  Hori dela eta, 10 milioi euroko enplegu plan bat iragarri du.

Bestalde, zerga politikak ere aldundiaren jardunaren beste ardatzetako izango dela aurreratu du. Arlo horretan, Bizkaia "estatuko lurralde lehiakorrena" dela aipatu du Rementeriak. Zerga politikei lotuta, aurreratu du aldundiak udalen finantziazioa moldatzeko lege proiektua onduko duela.

Hainbat "proiektu estrategiko" gauzatzeko planak ere jaso ditu bere gobernu lehentasunen artean. Besteak beste, Energy Intelligence Center eta Nagusi Intelligence Center egitasmoak, Supersur Bilboren hegoaldeko saihesbidea luzatzea, eta Getxo eta Santurtzi lotuko dituen ur azpiko tunela eraikitzea.

Oposizioaren kritikak

EH Bilduko hautagai Bea Ilardiak "behin-behinekotasunean eta prekaritatean" oinarritutako enplegu eredu bat bultzatzea leporatu dio Rementeriari, eta salatu du baldintza horietan "bideraezina" dela "bizitza proiektu bat garatzea". Koalizioak "argi luzeko proposamenak" behar direla nabarmendu du, eta ez unean uneko arazoei erantzuteko "adabakiak" soilik. Haren esanetan, Bizkaiko Aldundiaren erronka nagusienak dira "Bizkaia duin bat" lortzea, "pertsona guztien eskubide sozialak bermatuta" izango dituena.

Horretarako, beharrezko jo du zerga politika "egiazki bidezkoa eta progresiboa" ezartzea, kapitalaren eta lanaren errentei zerga tipo bera ezarriko diena.  Horrez gain, Sozietateen gaineko Zergak "enpresen irabazien araberako progresibitatea" izatea defendatu du, elusio fiskalari aurre egiteko neurriak hartzea proposatu du eta Ondarearen gaineko Zergaren ordez, Aberastasun Handien gaineko Zerga indarrean jartzearen alde egin du.

Ilardiaren esanetan, "Bizkaian hobeto bizi daiteke, baliabide eta gaitasun nahikoa ditugu. Horiek ondo erabiltzea behar dugu soilik".

Elkarrekin Podemoseko Eneritz Madariagak nabarmendu duenez, "kalitatezko enplegua, egiazko berdintasuna, jasangarritasuna eta biztanleriaren zahartzea" dira Bizkaiaren erronka garrantzitsuenak.

Zerga politikan ere aldaketak beharrezko jo ditu Elkarrekin Podemosek. Adierazi duenez, Bizkaiak Europako herrialdeen pareko presio fiskalarekin parekatzera jo behar du; baita herrialde horietako gastu publiko kopuruekin parekatzera ere.

EAJren eredua kontrako norabidean doala ohartarazi du koalizioak. Rementeriak "eliteen aldeko eredu neoliberala" sustatzen duela salatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.