Afrika

Bi eraso suizida egin dituzte Tunis hiriburuan

Gutxienez polizia bat hil dute, iazko urritik Tunisiako hiriburuan egin duten lehenbiziko atentatuan. Handik gutxira herrialdeko presidentea osasun arazo batengatik zendu dela jakinarazi dute hedabide batzuek, baina gobernuko iturri batek erran du egoera "egonkorrean" dagoela ospitalean.

Beji Caid Essebsi, Tunisen, 2017ko maiatzeko agerraldi batean. MOHAMED MESSARA / EFE
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 27a
16:51
Entzun

Nahasmen handiko eguna da gaur Tunisian. Alde batetik, goizean bi ekintzaile suizidak eraso bana egin dute Tunisen, eta, bertzetik, Beji Caid Essebsi presidentearen osasun egoeraren inguruan mezu kontraerrankorrak zabaldu dituzte.

Barne Ministerioak jakinarazi duenez, hiriburuko erasoetan polizia bat hil dute, Charles de Gaulle karrikan, eta guztira bertze zortzi pertsona zauritu dituzte. Bi atentatuak polizien aurkakoak izan direla uste du ministerioak. Hiriburuan azken eraso suizida iazko urrian egin zuten, metodo berberarekin —25 lagun zauritu zituzten—.

Eraso suizida handienak 2015ean jasan zituen Tunisiak, Essebsiren agintaldiaren lehenbiziko urtean; martxoan, 22 pertsona hil zituzten Tunis hiriburuan, eta, ekainean, bertze 38 El Kantaui portuan, Susa hiritik gertu. Estatu Islamikoak hartu zituen bere gain atentatu horiek.

Nahasmena Essebsiren osasun egoerarekin

Eta atentatuen inguruko xehetasunen berri ematen ari zirela presidentearen bulegoak jakinarazi du Essebsi "larri eri" eraman dutela ospitalera. Ennahar telebistak haren heriotzaren berri eman du ondoren, eta Espainiako Efe agentziaren arabera, presidentearen bulegoak diplomazia zerbitzuei heriotzaren berri eman die. Mohamad Eneceur parlamentuko presidenteak, berriz, alderdi politikoak bilera batera deitu ditu —presidentea zenduz gero, parlamentuko pburuari dagokio behin-behineko estatuburu izatea—. 

Estatuko TAP agentziak, ordea, Firas Guefretx presidentearen komunikazio arduradunaren adierazpen batzuk argitaratu ditu, eta erran du Essebsiren egoera "egonkorra" dela.

Essebsik 92 urte ditu, eta 2014ko hauteskundeak irabazi ondoren izendatu zuten presidente. Azaroan egitekoak dira presidentetzarako hurrengo hauteskundeak, eta errana du ez dela berriz aurkeztuko.

Independentzia aldarrikatu zuenetik (1956) 2011ra arte Tunisiak bi presidente baino ez zituen izan: Habib Burgiba (1957-1987) eta Zine el-Abidine Ben Ali (1987-2011). Bi horien gobernuetan ardura postuak izan zituen Essebsik, eta 2011n, Ben Alik matxinada baten ondorioz herrialde utzi ondoren, Essebsi lehen ministro aukeratu zuten —hamar hilabetez izan zen gobernuburu—.

Kargua utzi ondoren, Nida Tunis alderdia sortu zuen. Ben Aliren erregimeneko hainbat jendek, enpresari batzuek eta estatuaren izaera laikoa mantentzea nahi zuten alderdi eta eragileek bat egin zuten. 2014ko urrian parlamenturako hauteskundeak irabazi zituen, eta, hilabete geroago, Essebsi Moncef Marzuki hautagai islamistari gailendu zitzaion presidentetzarakoetan. 

Sihem Ben Sedrine Egiaren eta Duintasunaren Batzordeko presidenteak hil honen hasieran BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean adierazi zuenez, batzorde horrek justiziaren esku utzitako txostenean Essebsiren aurkako akusazioak egin zituen: "Ezin nuen bereizkeriaz jokatu. Akusatuetako bat da, hain zuzen, 1960ko hamarkadan Barne ministroa zelako. Garai hartan egin ziren aztertu ditugun tortura guztietan bortitzenak, Erdi Arokoen modukoak".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.