G7 Miarritzen

G7koen kontrako lapiko jotzea egin dute Donapaleun

Gailurrari lotutako Lurraldearen Balioztatze Batzordeak bilkura antolatua zuen goiz honetarako, tokiko hautetsi eta eragile ekonomikoekin. Frantziako Laborantza ministroa parte hartzekoa zen.

jarraia168234.jpg
Berria
2019ko ekainaren 28a
15:59
Entzun

30 bat pertsona elkartuak ziren goiz honetatik Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Chemins-Bideak gelaren aitzinean protesta egiteko. G7koen gailurrari lotutako Lurraldearen Balioztatze Batzordeak bilkura antolatua zuen bertan, goi bilera prestatzeko lurraldeko foroen barnean. Lurralde anitzak, mundua idazten duten tokiko dinamikak izena zuen gaurkoak. Goizean, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteak hitz egin behar zuen, eta ondoren, eztabaida antolatu dute tokiko eragileekin. Eguerdian, Didier Guillaume Frantziako Laborantza ministroa zen hitza hartzekoa.

G7 Ez plataformako kideek mobilizaziorako deia egina zuten gaur goizerako, Lurralde Balioztatze Batzordearen bilkura salatzeko. "G7koen gailurra parte hartzen duten herri aberatsenen politika kapitalistaren zerbitzuko erakustoki bat baizik ez da, eta haien helburu bakarra ber sisteman segitzea da", adierazi dute agiri batean. "Balioztatze batzorde hori, G7 makina ustel handi horren tresna bat baizik ez da, eta argi da eztabaidari ez diotela lekurik utziko".  Plataformakoen hitzetan, halako ekitaldiak antolatzea "trufa" eta "probokazioa" da. Goizean goizetik herritar talde bat lapikoekin harrabotsa egiten aritu da bilkura gelaren aitzinean; jendarmeek gehiegi hurbiltzea oztopatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.