Ipar Korea eta AEB

Armagabetze nuklearrerako elkarrizketak hastea adostu dute Trumpek eta Kimek

Donald Trump eta Kim Jong-un Ipar eta Hego Korearen arteko mugan bildu dira. Koreako lurra zapaldu du historian lehenengoz AEBetako presidente batek.

Donald Trump AEBetako presidentea eta Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea, gaur, Ipar eta Hego Korearen arteko muga zeharkatzen. YONHAP, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 30a
08:53
Entzun

Hirugarrenez bildu dira elkarrekin Donald Trump AEBetako presidentea eta Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea. Ipar eta Hego Korearen arteko mugan elkartu dira, eta bilkurak keinu historikoa utzi du. Trumpek muga zeharkatu du hegoaldetik iparrera. Hala, estreinakoz, Ipar Koreako lurraldean sartu da presidente estatubatuar bat.

Bileraren amaieran, Ipar Korearen armagabetze nuklearra negoziatzeko elkarrizketei berriz ekitea adostu dutela jakinarazi du Trumpek. Haren esanetan, "bizpahiru astetan" negoziazioetarako "lantaldeak" eratuko dituzte bi herrialdeek.

Trumpek aurreratu du negoziazio "zailak" izango direla, baina ez dagoela presarik Ipar Korearen armagabetze nuklearra gauzatzeko.

AEBetako presidenteak ez dio garrantzia handirik eman Ipar Koreak egin dituen azken misil probei. Nabarmendu du irismen urriko armamentuarekin eginiko probak izan zirela. "Ohikoa da edozein herrialdek gisa horretako probak egitea". Hori bai, Trumpek argitu du AEBek ez dutela indargabetuko Ipar Koreari ezarri dion zigor neurririk, oraingoz.

Kim Jong-un Etxe Zurira gonbidatzeko iragarri zuen asmoari buruz ere mintzatu da Trump. Bileraren aurretik gaia aipatu diola azaldu du. Trumpen esanetan, ondorengoa adierazi dio: "Badakizu zer? Une egokia denean etorriko zara, biok han izango gara. Baina oraindik bidea egin behar dugu. Ikusiko dugu".

Trump Freedom House izeneko eraikinetik irten da, Ipar eta Hego Korearen arteko desmilitarizatutako eremuan. Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea Panmungak eraikinetik hurbildu zaio, eta muga militarreraino joan da. Han zuen zain Trump. Bostekoa eman diote elkarri, eta elkarrizketa labur bat izan dute. "Pozten naiz zu berriz ikusteaz", esan dio Kimek Trumpi. "Ez nuen espero zu hemen sekula ikustea".

Ondoren, Trumpek muga zeharkatu du, historikoa bihurtu den unean. Segundu batzuk besterik ez ditu egin Ipar Koreako lurretan, eta berriro zeharkatu dute muga. "Penintsulako gatazkari amaiera eman nahi dion une historikoa da", adierazi du Kimek. Ipar Koreako presidentearen esanetan, "ausarta" izan da Trumpen keinua.

AEBetako presidenteak, berriz, nabarmendu du "gauza oso positboak" gertatzen ari direla Koreako penintsulan, Wahingtonen eta Piongiangen arteko hurbiltzearen ondorioz. "Elkarrekin bildu gara eta elkarren gustuko gara lehenengo egunetik, eta hori da garrantzitsuena", adierazi du.

Bileran izan da Moon Jae-in Hego Koreako presidentea ere, eta Ipar eta Hego Koreako presidenteek bostekoa eman diote elkarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.