Sanferminak

Segurtasun indarretako 2.606 agente arituko dira Iruñean sanferminetan

Lehen aldiz, zaldizko hamabi polizia ere izango dira sanferminetan. Horretaz gain, Frantziaren, Italiaren eta AEBen enbaxadetako agenteak ere izango dira bertan.

Iazko sanferminetako irudi bat. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko uztailaren 1a
07:14
Entzun

Espainiako 700 polizia —tartean, lehen aldiz, zaldizko hamabi polizia, 796 guardia zibil—, 710 foruzain eta 400 udaltzaingo arituko dira lanean Iruñean, sanferminek irauten duten bitartean. Horiez gain, Italiako, Frantziako eta AEBetako enbaxadako agenteak ere ibiliko dira kaleetan zehar. Helburua "jai seguru eta gizalegezkoak" bermatzea dela adierazi du Enrique Maia Iruñeko alkateak.

Datorren asteburuan hasiko diren sanferminetarako segurtasun neurrien berri emateko agerraldia egin dute Espainiako Gobernuko ordezkari Jose Luis Arastik, Nafarroako jarduneko Segurtasun kontseilari Maria Jose Baumontek eta Iruñeko alkateak. Azken honek adierazi du txupinazoan "segurtasun neurri bereziak" hartuko dituztela "gerta daitekeen edozein ezusteko ahalik eta azkarren kudeatzeko helburuarekin".

Datorren larunbatean hasiko dira aurtengo sanferminak, eta Iruñeko alkate kargua hartu berritan hainbat neurri iragarri ditu Maiak, tartean, neurri handiko oihal eta banderak debekatzearena, ikurrinak eragozteko asmoz. Debekuak dio ezin izango dela zabaldu "parte hartzaile ugari estaltzeko adinako tamaina handia duten bandera edo oihalik". Udalaren arabera, horiek zabaltzeak "ekidin beharreko masen mugimenduak" eragin ditzake.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.