Hilketa matxistak

11 urteren ondoren, Nagore Laffage gogoan

Omenaldi ekitaldia egingo diote gaur Iruñean. Laffageren familiak eta eragile zein artista ugarik hartuko dute parte.

Nagore Laffageren aldeko ekitaldia, iaz, hilketaren hamargarren urteurrenean. JON URBE, FOKU
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 1a
17:38
Entzun

Aurten 11 urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik. Hilketa matxista oroitu eta Laffage omentzeko, ekitaldia egingo dute gaur arratsaldean Iruñean. 19:00etan hasiko da, Kondestablearen jauregian, 11 urte Nagore Laffageren erailketaz, justizia eta konponketa lelopean.

Ekitaldi jendetsua izango da. Bertan izango dira Laffageren familia eta eragile zein artista ugari. Mezuak, antzerkia, olerkiak, abestiak, txistua, txapalarta, aurreskua eta beste hainbat jarduera tartekatuko dira, eta Nafarroako Astelehen Lilak mugimendua ere bertan izango da.

Tania Arriaga kazetariak aurkeztuko du, eta hainbat artistek hartuko dute parte, horien artean: Pedro Planillo eta Lola Rodriguez, Ingravito, El Drogas, Bidean, Nafarroako Txistulariak, Isabel Rivas eta Isabel Hualde olerkariak eta UPNAko antzerki taldea. Zuzenean ez ezik, bideokonferentzia bidez ere parte hartuko dute askok. Esaterako, Cristina Fallaras kazetariak, Cristina Almeida abokatuak edota La Txula Potra abeslariak.

'Nagore' filma

Bertan izango da Helena Taberna ere, Nagore filmaren zuzendaria. Joan den astean azaldu zuenez, Nagore Laffageri buruzko filma libre ikusteko moduan izango da uztaileko lehen hamabostaldian. Taberna zuzendariaren esanetan, Laffageren kasuaren eta 2016ko talde bortxaketaren gaineko hausnarketa sustatzeko jarriko dute Nagore filma libre ikusteko moduan.

11 urte igaro dira, eta geroztik, indarkeria matxistaren hamaika kasu berri, hamaika aldarrikapen eta hamaika omenaldi. Jai giroan gertatzen diren erasoen inguruko kontzientziazio bidea ireki zuen gertakaria izan zen, izan ere, uztailaren 7an hil zuten Laffage, sanferminetan. Kasu, sanferminen atarian egingo dute ekitaldi omenaldia, "berdintasunezko jai batzuengatik, eraso sexistarik gabe" aldarria ozen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.