EUSKARA

Alizia Iribarren izango da AEK-ko koordinatzaile nagusia

Hamahiru urteko ibilbidearen ondoren, kargua utziko du Mertxe Mugikak. Urrian egingo dute kargu aldaketa. Azken mezuan, Mugikak irudi bat hartu du gogoan: aurreko Korrikan euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek elkarrekin egindako kilometroa.

Alizia Iribarren izango da AEK-ko koordinatzaile nagusia. IDOIA ZABALETA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 2a
07:07
Entzun

Zuzendaritzan aldaketak egingo ditu datorren ikasturtean AEK-k. Azken hamahiru urteetan Mertxe Mugika (Elorrio, Bizkaia, 1963) izan da koordinatzaile nagusia, eta kargua utziko du orain. Haren lekua hartuko du Alizia Iribarrenek (Elizondo, Nafarroa, 1976). Urteetan Erriberako AEK-ko arduraduna izan da Iribarren. Urriaren 1ean hartuko du kargua.

Agurreko mezuan, Mugikak gogora ekarri du argazki bat: aurreko Korrikan, 2017koan, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek elkarrekin kilometro bat egin zutenekoa. Santiagoko zubia gurutzatu zuten elkarrekin, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga. "Euskararen lekukoa esku batetik bestera nola pasatzen zen ikustea, irudi hura, betiko geratuko zait iltzatuta buruan".

Euskalgintzan "egoera interesgarria" zabaltzen ari dela nabarmendu du Mugikak. Horren adibide jo du euskaltegietan ikasle gehiago izatea eta Euskaraldiaren bueltan sortu den mugimendua. Uste du erakundeek "indartu" egin dituztela euskararen aldeko politikak, "herri gogoa dagoelako". Korrika bera jarri du adibide.

Datozen urteetarako zer egina franko geratuko da, ordea, Mugikaren esanetan. Hiru erpin aipatu ditu. Batetik, politika aurrerazaleak: "Hizkuntza politikak, maiz, nahi baino motelago ikusten ditut". Bestetik, euskalduntzea: baliabide gehiago eskatu ditu, eta administrazioa eta lan eremua euskalduntzea: "Hor berandu baino lehen azkartu behar da lana". Eta hirugarrenik eskubideak: "Hizkuntza eskubideen bermeari dagokionez, oraindik ere ageriko gabeziak ikusten ditut".

Erronka horiei guztiei aurre egiteko elkarlana jo du giltzarri Mugikak: "Elkarlanean eragin behar da sistema osoan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.