Jaurlaritzaren Aurrekontuak

EH Bilduk "beste era batera" jokatzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Iriartek Azpiazuri jakinarazi dio "akordiorako borondatea" dutela, baina ezin dizkiotela PPri eta EH Bilduri aurrekontu berberak aurkeztu.

EH Bilduko ordezkariekin bildu da Ogasun sailburu Pedro Azpiazu. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2019ko uztailaren 2a
07:15
Entzun

Ordubeteko bilera egin dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk EH Bilduko ordezkaritzarekin —Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno parlamentariek osatutakoa—. Eta, horrenbestez, amaitutzat eman du Azpiazuk Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuen inguruan egindako lehen bilera erronda —PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bildu zen joan den asteazkenean—. EH Bildurekin egindako bilera horretaz Maddalen Iriartek aurreratu du, "normala" den bezala, ez direla aparteko "xehetasunen" inguruan aritu, baina haiek Azpiazuri jakinarazi diotela "akordiorako borondatea" badutela. Beti ere, haien "egiturazko" proposamenak aintzat hartzen badituzte: "Ez dugu argazki bat nahi, bide hori topatu nahi dugu".

Iriartek garbi utzi du Jaurlaritzak ezin dizkiola aurrekontu berberak aurkeztu PPri eta EH Bilduri, eta "kezkagarria" litzatekeela gobernuak kontuak egitea PPk babestuko dituela pentsatuz. "Ez da gauza bera kontuak egitea PPrekin akordio bat egingo duzula pentsatuz, edo EH Bildurekin adostuko dituzula pentsatuz". Hori dela eta, "ateraldiak" albo batera utzi —Joseba Egibarrek asteburuan esan baitzuen aurrekontuen negoziaziorako tartea 30-50 milioi euro artekoa dela—, eta "beste era batera" jokatzeko eskatu dio Iriartek Azpiazuri. "Gure jarrera duela urtebete izan genuen berbera da", adierazi du EH Bildukoak, eta argi utzi kontuak ateratzearen ardura Jaurlaritzarena dela.

Azpiazuren balantzea

Mezu ezin argiagoa eman du Pedro Azpiazuk ere orain arteko hiru bileren inguruan aritzerakoan: alderdiei eskatu die "mugatzeko" aurrekontuen markora, eta ez egiteko marko hori "kuantitatiboki, kualitatiboki eta eskumenen arloan" gainditzen duten proposamenak eta eskariak.

EH Bildurekin egindako bileraz Ekonomia sailburuak esan du "itxaropentsu" dagoela, eta espero duela oraingo honetan "negoziazio erreal eta eraginkor" batera sartuko direla. Elkarrekin Podemosekin egindakoaz, aldiz, "beste jarrera batekin" ikusi dituela: "Oraingoz, borondate irmoa ikusi dut hiru alderdien aldetik". Dena dela, aurrerantzean "gardentasunez" jokatzeko eskatu zien hiru alderdi horiei, eta ez ibiltzeko inor "nahasten". Luzatutako kontuekin horregatik ari direla eman zuen aditzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.