G7koen goi bilera

Christophe Castaner: "Segurtasun maila gorenean izanen da G7koen gailurrerako"

Miarritzen izan da goizean Christophe Castaner Frantziako Barne ministroa, eta arratsaldean Fernando Grande-Marlaska Espainiako barne ministroarekin bildu da. G7koen goi bileraren harira, Frantziaren eta Espainiaren arteko polizia elkarlana aipatu dute bi barne ministroek.

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroa, gaur, Miarritzen. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko uztailaren 4a
12:21
Entzun

G7koen gailurrerako 50 egun gelditzen direla, Lapurdiko kostaldera etorri da Christophe Castaner Frantziako barne ministroa, goi bilera prestatzeko gidaritza batzordea zuzentzeko. Goizean, Miarritzen (Lapurdi) eta Baionan izanen ditu bilkurak, eta, arratsaldean, Hendaiara mugitu da, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin bilera egiteko. Agorril bukaerako ekitaldia ongi ateratzea "garrantzitsua" dela azaldu du Frantziako ministroak: "hona heldu diren gizon eta emazteek Miarritzeren edertasunaz gozatzeko aukera izan behar dute".

Zazpi herrialdeetako agintariak eta beste 24 ordezkaritza bilduko dira Lapurdi kostaldeko hirian; orotara, 4.000 pertsona inguru. "Erronka" gisa aurkeztu du Castanerrek, bereziki segurtasun arloa aipatuz. "Segurtasun indarren ezohiko mobilizazioa izanen da G7koen gailurraren harira. Barne ministerioaz gain, armada, aduana, eta osasun zerbitzuak ere mobilizatuak izanen dira. Arriskuak ezagutzen dituzue: arrisku terrorista, batetik, Frantzia guzian bezala, eta hori aurreikusi behar dugu. Ordena publikoaren arloko arriskua ere bada, eta hor ere, segurtasuna bermatua izatea segurtatu behar dugu, lehenik eta behin, egunerokoan hemen diren biztanleentzat. Gure zerbitzuen mobilizazioa indartsua da, gertakariaren erronkaren heinekoa", adierazi du. Segurtasun neurriei buruzko xehetasunik ez du eman nahi izan baina, segurtasun maila "gorenean" izanen direla adierazi du. "Bai Miarritzen eta baita lurraldeko beste eremu batzuetan ere". 

Kontragailurra ere izan du aipagai. "Ezinbestekoa da kontragailurra ere ongi iragan dadin, segurtasun baldintza onetan". Prefetak eta berak hori bermatuko dutela adierazi du. Gaur-gaurkoz, Hendaia eta Irun artean aurreikusia dute G7 Ez plataformako kideek, agorrilaren 19tik 24ra. 

Azaroaren 17an Jaka Horien mugimendua abiatu zenetik, kezka eta harridura sortu ditu Frantziako Poliziak erabilitako bortizkeriak; David Dufresne kazetariak bildu ditu datuak Mediapart agerkarian. Mobilizazio soziala hasi zenetik ehunka zauritu izan dira: 307 buruan zauritu dituzte, 24k begi bat galdu dute, bostek eskua, eta hildako bat egon da. Zaurituetarik 114 kazetariak dira. Kazetariek egindako galderei erantzunez, poliziaren lana justifikatu du Castanerrek: "Gizon eta emazte batzuek Errepublikari erasotzen diotenean, barne ministroaren ardura da segurtasuna atxikitzea. Zauritu anitz izan dira, lehenik gure polizien artean. Manifestazio batzuetan erasoak izan dira, molotov koktel eta bestelako objektuekin", adierazi du. Ez du zuzenki aipatu Poliziak erabilitako bortizkeria, baina zaurituak egotea deitoratu du. "Jaka Horia izan, ala Poliziaren txapela izan, zauritu bat beti da gehiegizkoa". Poliziaren doktrinaren garapen bat lantzen ari direla ere erran du, eta horretarako lantalde bat abiatua duela. "Azken 10 urteetan gauzak anitz aldatu dira. Manifestazio gehienak ez dira deklaratuak, bortizkeriak sistematikoak dira... dispositibo osoa aztertu behar dugu".

Arratsalde bukaeran elkartu dira Christophe Castaner eta Fernando Grande-Marlaska Hendaian. G7koen goi bileraren harira, Frantziaren eta Espainiaren arteko polizia elkarlana aipatu dute bi barne ministroek; bilkuraren ondotik adierazpenak egin dituzte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.