Udal hauteskundeak

Alkateen laurdenak besterik ez dira emakumezkoak Hegoaldean

Genero aldagaia gehitu dio BERRIAk udal eta foru hauteskundeen mapa interaktiboari, eta udal eta foru hauteskundeetako emaitzen mapa alkateen sexuaren arabera ikus daiteke orain. Datua argigarria da: alkateen %26,42 besterik ez dira andreak.

Udal eta foru hauteskunde emaitzen mapa interakiboa, alkateen generoaren araberako datuekin.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 4a
16:26
Entzun

Alderdien koloreen arabera banatu ohi dira mapak hauteskundeen ostean. BERRIA egunkariak ere egin du ariketa hori, Gaindegiarekin elkarlanean egindako mapa interaktiboan. Zein alderdik irabazi duen, zeinek lortu duen alkatetza herri bakoitzean, zer aldaketa egon den agintaldi batetik bestera... Koloreek modu azkarrean erakusten dute zer indar politikok duen nagusitasuna herrialde bakoitzean. Bizkaian eta Araban EAJren berde iluna ageri da. Gipuzkoan, EAJrenaz gain, EH Bilduren berde argia. Nafarroa iparraldean ere berde argia nagusi, baina Nafarroako hiriburuan Navarra Sumaren urdin iluna. Nafarroa hegoaldean, urdin ilunaz gain, nabarmen, PSNren gorria ere. Deigarria da, halaber, Nafarroako erdialdean herri plataformek duten garrantzia. Alegia, kolore bakoitzak hartzen duela bere tokia mapan, alderdi bakoitzak baduela bere txokoa. Baina, zer litzateke mapa alderdi politikoen arabera bereizi ordez gizonen eta emakumeen aldagaiaren arabera bereiziko balitz? Datua argigarria da. Alkateen %26,42 besterik ez dira andreak.

BERRIAk egin du ariketa hori; non dauden alkate emakumeak, non gizonezkoak. Alkateen sexuaren araberako mapa ikusteko, maparen ezkerreko aldean dauden aldagaien artean aukeratu behar du erabiltzaileak. Alkatetzak aldagaia aukeratuz gero, agintean den alderdiaren kolorea ageri da udalerri bakoitzean. Alderdi irabazlea sakatuz gero, boto gehien lortu dituen indarraren kolorea. Abstentzioa aukeratuz gero, abstentzioaren ehunekoaren araberako irudia hartuko du mapak. Alkateen sexuaren araberako mapa ikusteko, generoa aldagaia hautatu behar da, zerrendaren goialdean.

Geografiak ez du gizon eta emakumeen hautaketan eraginik. Kolore urdina da nagusi Hego Euskal Herriko mapan, eta hiriburuetan ere halakoa da datua. Orain lau urte, hedabideek azpimarratu zuten Hego Euskal Herriko lau alkateek ezaugarri komun bat zutela: euskaldunak eta abertzaleak izatea. Gizonak ere baziren. Eta, 2019ko hauteskundeen ostean ere, hori da Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Enrique Maia batzen dituena. Beste hiri eta herrietan ere, hori da joera: 526 herritan egin dira hauteskundeak joan den maiatzaren 26an. Horietatik, 139tan soilik daude andre alkateak.

Herrialdeei erreparatuta ere, antzekoa da egoera. Emakume alkateak ozta-ozta ailegatzen dira %30era. Gipuzkoan dago ehunekorik handiena: %32 dira hautatutako alkate andreak; 29, alegia. Bizkaian, berriz, %28; 114tik 32. Araban, 14 emakume alkate daude, alkate guztien %24,5, alegia. Nafarroakoa da kopururik txikiena. 65 emakume alkate daude: %23,9 dira.

Botereguneetara heltzea

Espainiako Berdintasun Legeak exijitzen du udal eta foru hauteskundeetako zerrenda osatzeko orduan kontuan hartzeko genero aldagaia, eta gutxienez %40k izan behar dutela andre ala gizon. Lege horrek, ordea, ez du hurrenkera zehazten, eta ez ditu neurriak jartzen andreak botereguneetara hel daitezen. Are, 2007an Espainiako Auzitegi Konstituzionalera ailegatu zen Plazandreok-en kasua, beren zerrendak soilik emakumez osatuta zeuzkatelako, eta, ondorioz, "baztertzailea" zela argudiatu zuen epaimahaiak. "Diskriminazioaren ideia faltsua hedatzea" egotzi zien epaimahaikideei Juana Aranguren Plazandreok plataformako kideak, orain bi hilabete egindako erreportajean.

Hortaz, andreak benetako botereguneetara heltzeko neurririk izan ezean, oso hiri eta herri gutxitan lortu dute aurtengo bozetan alkatetzara heltzea. Badira salbuespenak, ordea. 10.000 biztanletik gorako ondoko udalerrietan daude andreak agintean: Bizkaian, Getxoko alkate da Amaia Agirre (EAJ), eta Santurtzikoa Aintzane Urkijo (EAJ), Durangokoa Ima Garrastatxu (EH Bildu) eta Arrigorriagakoa Maite Ibarra (EH Bildu). Gipuzkoan, Errenteriako alkatetza lortu du Aizpea Otaegik (EH Bildu), Tolosakoa Olatz Peonek (EAJ), Arrasatekoa Maria Ubarretxenak (EAJ) eta Pasaiakoa Izaskun Gomezek (PSE-EE). Nafarroan, berriz, Navarra Sumaren eskutik lortu du alkatetza Amaia Larraiak Eguesibarren.

Emakumezko alkateak, egon badaude, baina ia %75eko hutsunea are nabarmenagoa da. Besteak beste, ia Araba osoan, Nafarroako Erriberan eta Gipuzkoako Goierrin. Botereguneetako andreak, oraindik, salbuespen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.