Katalunia eta Espainia

Torrentek erreferendum baterako baldintzak finkatzeko akordio bat proposatu dio Sanchezi

Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazi du "mobilizazio iraunkorra" izango dela Katalunian Espainiako Gobernuak blokeoari eusten badio.

Rger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, Forum Europak Bartzelonan antolatu duen hitzaldian. JAVIER LIZON, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 4a
18:44
Entzun

Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidenteak proposamen bat egin dio gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari, Kataluniako auziari irtenbidea emateko. Erreferendum baterako baldintzak "argi" zehaztuko dituen akordio bat lortzera deitu du. Ohartarazi du: Espainiako Gobernuak erreferendum bat egiteko aukera ukatzen segituz gero, erantzuna ez da "etsipena" izango, "mobilizazio iraunkorra" baizik.

Torrenten esanetan, Espainiako Estatuak jarraitzen badu "blokeoa, jazarpen judiziala eta gutxiespena" elikatzen Kataluniako gehiengoaren aldarrikapenak direla-eta, Kataluniako gizartea mobilizatu egingo da, "gaur ezinezkoa dirudiena saihetsezina izan dadin".

Kataluniako Parlamentuko presidenteak gatazkaren muinari hel diezaiola eskatu dio Sanchezi, eta auzia konpontzeko proposamen bat egiteko deia egin du. Torrentek gaineratu du Espainiako Gobernuak ez duela proposamenik Kataluniarentzat, edo, izatekotan, ez duela nahi bere proposamena gizarteak bozkatzerik, "herritarren iritziari beldur diolako". Espainiako jarduneko presidenteari ohartarazi dionez, "herrialde bat ezin da beldurrez gobernatu". Torrentek nabarmendu du erreferendum batek bidea emango lukeela "beren etorkizuna erabaki nahi duten kataluniarren borondatea bideratzeko, hots, kataluniarren %80ren borondatea".

Sanchezen inbestidurari buruz galdetuta, Torrentek berretsi egin du ERCk azken egunotan egin dituen adierazpenak. "Ez da marra gorririk izango, baina ezta txeke zuririk ere".

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan buruzagi independentista auzipetuek jar liezaieketen zigorrari buruz, parlamentuko presidenteak adierazi du epaiak Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanak zehaztuko dituela. Zigorrak "gogorrak" baldin badira, ziurtatu du epaiari "erakunde politiko indartsuak engaiatuko dituen erantzun bateratua" eman beharko zaiola. Ez du hitz egin nahi izan indultu posible bati buruz, ez baitu uste deliturik izan denik.

Auzipetuen artean da Oriol Junqueras ERCko burua. Torrenten iritziz, Junqueras "funtsezko aktiboa" da Kataluniako auzian konponbide bat lortzeko. Adierazi du "errepresio politikoa" jasaten duen artean hauteskunde guztietako zerrendaburu izango dela alderdi errepublikanoko presidentea.

Josep Borrelli buruz ere galdetu diote Torrenti. Europako Batasuneko diplomaziaren buru izendatu dute berriki Espainiako jarduneko Atzerri ministro dena. Torrentek adierazi du haren izendapena ez dela "itxaropenerako elementu bat", baina ezta "elementu erabakigarri bat" ere. Haren iritziz, garrantzitsuena Europako erakundeen jarrera da, "ez soilik gidaritzan zein dagoen".

Hain justu, Borrellek Torrenten proposamena izan du hizpide gaur. "Ez dakit zenbat aldiz azaldu beharra dagoen", kexatu da. "Ez dago inolako aukera konstituzionalik Espainian sezesio erreferendum bat egiteko". Borrellen iritziz, ezin daiteke argiago hitz egin. Ziurtatu du Espainiaren kasua ez dela "arraroa" arlo horretan, eta ziurtatu du Alemanian, Frantzian, Italian eta AEBetan ere ez dagoela "aukera konstituzional" hori. Eskoziako erreferendumari buruz galdetuta, Borrellek adierazi du Erresuma Batuak ez zuela "inolako oztoporik" bere konstituzioan. Borrellen esanetan, nazioarteko zuzenbidean ere ez dago "sezesiorako eskubidea" babesten duen inolako elementurik.

JxCk, berriz, ñabardura egin dio Torrentek argitasun itun baterako egin duen proposamenari. Albert Batet JxCren parlamentuko bozeramailearen esanetan, "U-1aren balioekin bat ez datorren edozein proposamen atzerapauso bat da". Azaldu duenez, JxC "autodeterminazio eskubidea aitortzeko elkarrizketa eta negoziazio guztietan" izango da. Gaineratu duenez, Torrenten proposamenak eskubide hori aitortzen badu, orduan elkarrizketa horietan ere izango da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.