INBESTIDURA

Ramiro Gonzalez hautatu dute Arabako ahaldun nagusi, bigarrenez

Oposizioak hitzartutako zerga erreforma bertan behera utziko duela iragarri du. EAJk eta PSEk gobernu akordioa sinatu dutela ere jakinarazi du, eta bihar aurkeztuko dutela.

Ramiro Gonzalez, gaur goizean, Arabako Batzar Nagusietan egindako hitzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko uztailaren 4a
09:23
Entzun

Ramiro Gonzalez jeltzalea hautatu dute Arabako ahaldun nagusi. Duela lau urte aukeratu zuten aurreneko aldiz; bigarren agintaldia izango du, beraz. Gehiengo osoz aukeratu dute, EAJren eta PSEren botoekin —hamazazpi batzarkide dituzte jeltzaleek eta hamar sozialistak—. Duela lau urte, ordea, gehiengo soilarekin aukeratu zuten, bigarren bozketan, EAJ eta PSE gutxiengoan zeudelako. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko kideak ere aurkeztu du bere hautagaitza, eta bere taldearen hamabi boto jaso ditu. PPko zortzi batzarkideek eta Elkarrekin Arabako laurek boto zuria eman diete bi hautagaiei.

EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa sinatu gabe hasi da Gonzalezen inbestidura saioa Arabako Batzar Nagusietan, baina inbestidura gauzatu baino minutu batzuk lehenago iragarri du Gonzalezek lortu dutela akordioa PSErekin, eta bihar aurkeztuko dutela.

Goizeko saioan, euskaraz egin ditu lehen hitzak Gonzalezek. «EAJ-PSE tandemak funtzionatu egin du». Harro mintzatu da azken lau urteotan egindako lanari buruz, eta harro agertu da, halaber, azken hauteskundeetan herritarrek «babestu» egin dutelako EAJren eta PSEren kudeaketa. Azpimarratu du «lidergoa», «lankidetza» eta «egonkortasuna» bermatu dituztela azken lau urteotan, eta horiek izango direla datorren legealdirako lan ildoak ere. Gehiengo osoz gobernatuta ere, elkarrizketarako eskua luzatu dio oposizioari, «lurraldearen erronka nagusien» inguruan akordioak lortzeko.

Araba «Europako abangoardian» jartzea. Horixe izango da legealdi berrirako gobernuaren erronka nagusia. Horretarako, gobernu programaren ildo nagusiak finkatu zituen Gonzalezek: hazkunde ekonomiko jasangarria, «kalitatezko» zerbitzu sozialetan oinarritutako gizarte kohesioa, eta lurralde «bizia» sortzea.

Araba inbertsioetarako lurralde «erakargarria» izateko lan egingo duela jakinarazi zuen: besteak beste, 10.000 enplegu  sortuta eta industria alorrean teknologia berrietarako zentro bat irekita. Zerga alorrari dagokionez, berriz, iragarri zuen bertan behera utziko duela EH Bilduk, Orain Arabak eta PPk joan den legealdian hitzartutako erreforma.

«Gehiengo progresista»

Fernandez de Pinedo EH Bilduko kideak bere hautagaitza aurkezteko arrazoia azaldu du: «Arabak haize freskoa behar du, aldaketak behar ditu, lurralde hobea eta justuagoa posible delako». Nabarmendu du «gehiengo progresista» bat lortzeko aukerak badaudela EAJ eta PSEren akordioaz harago, baina sozialisten jarrerak ezinezko egin duela alternatiba hori, «erabateko menpekotasuna» erakutsi dutelako EAJrekiko.

EH Bildukoak «Araba berri baterako» proposamena mahai gainean jarri du bere hitzaldian, hainbat ardatz xehatuta. Besteak beste, Araba «berdea», «feminista», «solidarioa», «euskalduna» eta «bakegilea» defendatu du. Gizarte alorrean, aberastasuna banatzea eta gizarte zerbitzuen eraldaketa sakona bultzatzea proposatu du. Trantsizio energetikoari bultzada ematea, Trebiñuko auzia «agenda politiko nazionalean» txertatzea, eta biktima guztientzat egia eta justizia bilatzea ere jarri ditu lehentasunen artean.

Elkarrekin Arabako batzarkide Arantza Abeciak, berriz, akordiorako prestasuna eskatu die EAJri eta PSEri. Horrekin batera, lurraldearen erronka nagusiei aurre egiteko «politika ausartak eta berritzaileak» martxan jartzea galdegin die. Bestalde, PPtik Iñaki Oiartzabalek azpimarratu du bere alderdiak erakutsi duela abertzaleen «alternatiba sendoena» dela. PPk oposizio «eraikitzailea» egingo duela agindu du, eta elkarrizketarako eskua luzatu die EAJri eta PSEri. Iragarri du saiatuko direla Ekarpen Legea aldatzen, dirua «behar bezala» bidera dadin lurraldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.