AEB

Trumpek AEBen ahal militarra goratu du Independentziaren Eguneko hitzaldian

AEBetako presidenteak adierazi duenez, herrialdeak bere helburuei eusten badie, "ez da izango AEBek lor ezin dezaketen ezer".

Donald Trum AEBetako presidentea, atzo, Washingtonen, AEBen Independentzia Eguneko Etxe Zuriaren ekitaldian. ERIK S. LESSER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 5a
16:42
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak herrialdearen ahal militarra eta AEBen "izpiritua" goratu ditu uztailaren 4ko Independentziaren Egunean. Horretara mugatu du hitzaldia, eta aipatu gabe utzi ditu gainontzeko gai politikoak. Tankez inguraturik mintzatu da. Tarteka, hegazkin eta helikoptero militarren maniobrek lagundu diote hitzaldiari. Trumpek etenak egin ditu hitzaldian, arreta zerura bideratzeko, eta han bildutako milaka herritarrek "AEB, AEB" oihukatu dute geldiune horietan.

"Ez da aireko indarrik soldadu estatubatuar bat bera ere hiltzea lortu duenik 65 urtean baino gehiagotan. AEBak baitira zeruaren jabe", adierazi du Abraham Lincoln AEBetako presidente ohiaren estatuaren parean. Trumpek AEBetako indar armatuen lorpenak nabarmendu ditu. Horien artean, Estatu Islamikoak aldarrikatu duen kalifa herriaren ustezko desegitea. Presidentearen hitzetan, AEBetako armada "Lurreko soldadurik onenek" osatzen dute.

Halaber, AEBetako "aita fundatzaileak" bultzatu zituen "izpiritua" goretsi du Trumpek. 1776an, Erresuma Handiaren 13 koloniatan iraultza sustatu zuen taldearen "izpiritua", alegia. "Izpiritu hori abertzale estatubatuar bakoitzaren zainetan ibili da gaur arte. Zuetako bakoitzean bizi da", adierazi du. Hala, AEBetako herritar izateaz harro mintzatu da. "Askatasunaren alaitasunean bildu garen honetan, guztiok aparteko ondare bat partekatzen dugula oroitzen dugu. Elkarrekin, sekula kontatutako historiarik onenetako baten parte gara: AEBen historia".Trumpen iritziz, estatubatuarrek beren historia oroitzen duten artean, eta beren helburuei eusten dien artean, "ez da izango AEBek lor ezin dezaketen ezer".

Ekitaldian, joera politiko desberdinetako herritarrak bildu ziren. Batzuk, bisera gorriak jantzita, Egin AEB berriro ere handi leloarekin. Beste batzuk, kamiseta urdinak soinean, Bera ez da nire presidentea esaldiarekin.

Protesta ekintza bat ere izan da. Gizonezko batek AEBen bandera bat erre du Etxe Zuriaren parean. Poliziak atxilotuta eraman du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.