Alderdiak

EAko Berme Batzordeak behin-behinean eten du primarioen prozesua

Alderdiko zuzendaritzako iturriek baieztatu dute Berme Batzordeak prozesua behin-behinean geldiaraztea erabaki duela, datu baserako sarbidearen inguruko desadostasun batzuengatik. Joseba Gezuraga jarduneko idazkari nagusia asteartean bilduko da Berme Batzordearekin

EAren 12. Kongresua, orain dela bi urte. JON URBE / FOKU
Maider Galardi
2019ko uztailaren 5a
09:18
Entzun

Donostiako EAren Twitter kontuak argitaratu du informazioa, eta jakinarazi dute Berme Batzordeak bertan behera utzi duela primarioen prozesua. Atzo abiarazi zuten alderdiko idazkari nagusi berria hautatzeko prozesua, Joseba Gezuraga jarduneko idazkari nagusi hautatu ostean. Ordea, EAko zuzendaritzako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, orain zenbait hilabete lurraldeetako hainbat ordezkarik afiliatuen datu base osorako sarbidea eskatu zuten —lurralde bakoitzeko datu basera soilik sar daitezke, "pribatutasuna bermatzeko"—. 

Atzo bertan ebatzi zuen Berme Batzordeak, batetik, posible zela atzoko batzarra egitea, baina, bestetik, eskatu zuten primarioen prozesua eteteko, "badaezpadako neurri gisa", afiliatuen datuekin zer egin erabaki arte. Zuzendaritzako iturrien arabera, kontuan hartu behar da datuen babeserako legea abian dela, eta jakinarazi dute txosten bat eskatu diotela Espainiako datuen babeserako agentziari, gaiaren inguruko xehetasunak izateko. Bien bitartean, ordea, Pello Urizarrek dimisioa eman zuen, eta "primarioen prozesua martxan jarri behar" izan dute.

Interes ezberdinak

Alderdiaren estatutuek diote prozesua abiatu ostean bi hilabete dituztela barne hauteskundeak egiteko —abuztua ez da langaia; beraz, urrira arte luza daiteke epea—, baina, prozesua etenda, ez dakite zer urrats egin behar diren ondoren. EAko zuzendaritzako iturriek diote "interes ezberdinak" egon litezkeela, baina esan dute prozesuak "berme guztiak" izan behar dituela, eta, horretarako, prest daudela behar adina "itxaroteko". Halere, "ahalik eta azkarren" egitea komeni dela ere ohartarazi dute.

Donostiako EAko Twitter kontutik, ordea "kezka" adierazi dute: "Eztabaida sosegatu, garden eta demokratiko bat nahi dugu alderdiarentzat".

Egoera argitzeko, alderdiko zuzendaritza astelehenean bilduko da, eta asteartean, berriz, Joseba Gezuraga Berme Batzordearekin elkartuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.